Amurrioko Asanbladak bere 8. urteurrena ospatuko du datorren Apirilaren 11n Gazte Eguna jaialdia eginez, "Nahiago Dugu Bizi" lelopean. Horretarako, azken urtean bere ateak zabaldu dituen Gaztetxearen izaera aldarrikatzeko, zenbait ekintza prestatu ditu.
Hasteko, aurtengo Gazte Egunerako Five Corners taldeak sortu duen kanturako bideoklipa grabatu zuen Gazte Asanbladak pasa den ostegunean. Kantua eta bideoklipa datorren asteburuan argitaratuko dute.
Jaialdiari berari dagokionez, egunari hasiera emateko frontenis txapelketa eta umeentzako tailerra prestatu dute gazteek. Horren ostean herrian trikipoteoa abiatuko da eta goizari amaiera emateko, eguerdi partean, bazkaria antolatuko dute Gaztetxean.
Bazkalosterako eta Gaztetxean bertan bingoa eta olinpiadak prestatu dituzte gazteek, arratsaldeari amaiera kontzertu ibiltari batekin emango diotelarik, Oihu taldearen eskutik.
Gauari dagokionez, Amurrioko herriko plazan burutuko den musika jaialdia prestatu du Gazte Asanbladak. Jaialdia Itzultzen talde akustikoak hasiko du eta horren ostean El Sonido de la Metralla punk-rock talde iruindarra, Five Corners pop-rock talde amurriarrak eta Patxuko Nice irundarrak arituko dira.
Egunari amaiera emateko, Aldats erromeri bizkaitarra igoko da taula gainera goizeko ordu biak aldera.
[video:https://www.youtube.com/watch?v=5cxfdNbuNRo width:600 height:350]