Gazteari Arkaitz Bellonen heriotza zela-eta Amurrioko PPren egoitzaren aurrean panpin bat eta kartelak itsastea leporatzen zioten. Salaketaren arabera, karteletan mehatxuak egiten ziren. Epaileak ez du horrela ulertu. Izan ere, ekintzaren bidez kartzelan hil zen Arkaitzen heriotzaren errudunak seinalatzea helburu zutela uste du.
Arkaitz Bellon 36 urterekin hil zen, 2014ko otsailean, 12 urteko kondena betetzear zuela, kale borrokan aritu izana leporatuta. Hainbat izan ziren kondenaren aurka altxatutako ahotsak, hala nola heriotza kartzela politikaren ondorio zela adierazi zutenak ere. Amurrioko gazteari, salaketa ekintzagatik, 5400 euroko isuna eskatzen zioten, 10 euro egunean, 18 hilabetetan zehar, hain zuzen ere.
Sententzian, horretaz gain, epaitutako gazteak PPko zinegotziari jazarpenik egin ez ziola adierazten da, akusazioak babesten zuenaren aurka. Izan ere, egoitzan ez zegoen inor eta helburu bakarra preso bat kartzelan hil izana salatzea zen.