Amurrioko erlezain batek Asiako liztorren bi kabi aurkitu zituen bertako “Ferrocarriles y equipos S.A.” fabrikaren inguruan. Abisua udaletxeak jaso zuen eta Arabako Foru Aldundiak egituratu zuen planaren arabera, suhiltzaileak bertaratu ziren hauek suntsitzeko.
Baita ere, Neiker, Eusko Jaurlaritzaren nekazal ikerketa eta garapen institutua informatu da, liztor mota honek bertakoarentzat arriskutsua baita.
“Vespa Velutina” edo Asiako liztorra, ez du gizakia zuzenean kaltetzen baina erleez eta beste intsektuez elikatzen da.
Gainera, gainontzeko liztorrekin konparatuta, askoz erasokorragoa da eta horren eraginez, bertako espezieak arriskuan jartzen ditu. Hala, europar erleak kaltetzean, landareen polinizazioa kolokan jartzen du eta ekosisteman nabarmen eragiten.
Asiako liztorra, bertakoa baino handiagoak eta ilunagoak dira, nahiz eta hankak horiak diren. Kabiak zuhaitzen adarretan egin ohi dituzte, grisak dira eta forma biribila daukate.
Txina da liztor mota honen ingurunea, baina, 2004an Bordelera heldu zen eta Frantzia erdira zabaldu da eta Katalunia, Euskal Herria, Kantabria eta Galiziatik pasata, Portugalera heldu da.
Aiaraldean lehenengo agerpena izan da, baina gehiago daudela susmatzen da. Horregatik, mota honetako liztor edo kabiak ikustekotan, suhiltzaileak jakinaren gainean jartzea eskatzen da.