Mozal legearen kontrako ekimena aurkeztu dute Amurrion. Mozal legeak, gaztelaniaz “ley mordaza” delakoa, mobilizazio mota guztiak mugatzeaz aparte beste eskubide zibil desberdinak ukatzea bilatzen du, bere aurkarien ustez.
Atzo Amurrion egindako prentsaurrekoaren antolatzaileen ustez lege horrekin batera, lan erreforma, zerbitzu sozial eta publikoen murrizketa, hezkuntza erreformak eta pribatizazioak etorriko dira.
Lege hori salatzeko, Arabako Gazteek deialdia egiten dute otsailaren 21ean Bilbo plazan -arratsaldeko 19:00etan- egongo den manifestaziora ahalik eta jende gehien joateko. Bertan, buruak estalita eramango dituzte legea onartuko ez delakoaren seinale moduan. Manifestazioa mobilizazioen hasiera izango da, eta martxoaren 3an kaleak hartuko dituzte berriro gazteek Araban.
Arabako Gazte ekimenak argi utzi du ez dela geldi geratuko Espainiako Estatuak ezarri nahi duen lege honekin, eta gazteria prest dagoela eskubideengatik eta etorkizun duina lortzeagatik borrokatzeko.
Eskualdeko zenbait taldek bat egin dute deialdiarekin; Amurrioko Gazte Asanblada, Laudioko Alde Hemendik, Laudioko Gazte Asanblada eta Orozkoko Gazte Asanbladak.