Asteazkenean, urtero bezala, kintoak Amurrio eta inguruko herriak girotu zituzten Agate Deunaren egunaren bezperan. Gaur berriz aterako dira kalera egunean zehar abestu eta gauean aurreko urteetako kintoekin haien eguna ospatzeko.
Armadara zihoazen gazteen festa bezala jaio zen ospakizuna, birmoldatu eta heldutasunaren abiapuntu gisa identifikatzen da. Aurten adin nagusitasunera helduko diren gazteak 1997. urtean jaiotakoak dira, jaiaren antolaketaren ardura hartuz.
Nahiz eta Aiaraldeko bideak elurtuta egon, asteazkenean, kintoak ohiturarekin jarraitu eta abestera irten ziren Murga, Izoria eta Amurrioko auzoetatik.
Gaurko eguna, elizan hasiko dute, ondoren, talde ezberdinek industriguneetara abestera joango dira gero Amurrioko ikastetxeak bisitatzeko. 13.30tan talde guztiak Juan Urrutia plazan abesteko bilduko dira.
Bazkaldu ostean, arratsaldeko 20retan poteoa egingo dute Kun Kun batukadak girotuta eta 23.30tan kontzertuak hasiko dira udaletxeko plazan. Musika emanaldiak, Atzekabe eta Lisker taldeek eskainiko dituzte.
Gaueko 00.30tan kintoak berriz elkartuko dira Juan Urrutia plazan aurtengo azken kantuak abesteko.
Urduñako kintoei dagokienez, ez dute jaiaren egitaraua zehaztu.