"Afrika, Europa eta Asia artean egongo naiz Skydive Dubai taldearekin"

Erredakzioa 2015ko urt. 28a, 11:29

ARITZ ARBERAS (Amurrio, 1986) Arabiar Emirerri Batuan dago Skydive Dubai taldea entrenatzen. Euskadi Fundazioan eta Lointek taldean egon ostean txirrindularitzaren esparruan nazioarteko proiektua gidatuko du.

Nola sortu da aukera Skydive Dubai taldera joateko?

Nik ezagutzen dut bere managerra, portugaldarra dena. Iaz, uztailean edo, galdetu zidan ea zerbait pentsatuta nuen aurtengo denboraldirako: ea Euskadi Fundazioan jarraitu behar nuen eta zein zen nire ideia.

ARITZ ARBERAS (Amurrio, 1986) Arabiar Emirerri Batuan dago Skydive Dubai taldea entrenatzen. Euskadi Fundazioan eta Lointek taldean egon ostean txirrindularitzaren esparruan nazioarteko proiektua gidatuko du.

Nola sortu da aukera Skydive Dubai taldera joateko?

Nik ezagutzen dut bere managerra, portugaldarra dena. Iaz, uztailean edo, galdetu zidan ea zerbait pentsatuta nuen aurtengo denboraldirako: ea Euskadi Fundazioan jarraitu behar nuen eta zein zen nire ideia.

Nik azaldu nion zaila zela Euskadi Fundazioan jarraitzea aurrekontua oso txikia zelako eta ia ziur utzi beharko nuela.

Berak eskatu zidan kurrikuluma bidaltzeko eta nirekin harremanetan jarriko zela adierazi zidan. Denbora pasa zen eta azaroaren amaieran galdetu zidan Dubaira hurbiltzeko prest nengoen. Hiria eta proiektua ezagutzeko eta hitz egiteko. Eta hona etorri nintzen.

Elkarrekin egon ginen eta eskaintza egin zidan. Urtarrilaren 10ean etorri naiz hona, Dubaira.

Bitartean Lointek taldean egon zara, ezta?

Bai, managerraren berririk ez nuenez Lointek nesken taldea entrenatzen hasi nintzen urrian.

Baina aukera hau hobeagoa zen. Motibatzen nauen proiektua da eta eskatu nienean taldea uztea Dubaira joateko ez zidaten arazorik jarri. Dena erraztasunak eta aurpegi onak izan dira, asko poztu dira eta ni Lointek taldean egon naizen denbora, nahiz eta motza izan, oso gustura egon naiz. Oso ondo portatu direlako nirekin.

Taldeko txirrindularien artean puntako kirolariak daude.

Bai, horrela da. Nazioarteko proiektua da, hasteko ideiarekin, aurten kontinentala izango da baina hurrengo urtean asmoa da taldea profesionala izatea eta buelta handi batean lehiatzea.

Aukera handia da eta hemen Gusev dago, Armstrongekin egon den txirrindularia, Mancebo, Tourrean eta Espainiako Biran ibili dena, Palini, oso sprinter ona dena...

Hori da taldearen erdia. Talde erdia europarra eta afrikarra da eta beste erdia Arabiar Emirerri Batukoa. Helburuaren zati bat da txirrindulari hauek garatzea, entrenatzen irakastea eta haien errendimendua hobetzea.

Aste batzuk eman dituzu, aldaketa handiak nabaritu dituzu?

Euskal Herritik 7000 kilometrotara nago, kultura guztiz ezberdina da nahiz eta gauza asko munduan berdin egiten diren, hemen beste ohitura batzuk daude. Adibidez gehien deitu duena nire arreta da egunero 17:00etan otoitz egiteko elkartzen direla, lan egiterako orduan kultura oso ezberdina dela, denek egiten dute batera...

Hala ere ni motibatzen nauena da hemengo txirrindularitza garatzeko asmoak. Daukaten guztia jartzen ari dira horretarako eta ahalegina handia da.

Nola bizi da txirrindularitza hor?

Hemen ez dago Euskal herrian bezain garatuta. Denbora asko ere eman dute txirrindularitzarekin baina falta zaie eguneroko gauza batzuk. Hala ere egitura polita dute antolaturik eta gazte asko potentzialarekin.

Zeintzuk dira zure helburuak aurten?

Entrenatzaile gisa arituko naiz, prestaketa fisikoa ere nire ardura izango da eta gero lasterketetan egongo naiz. Ibiliko gara Afrika, Europa eta Asia artean. Hurrengo astean Dubaiko Tourrera eta gero Gabonera, Langkawira...
Apiriletik abuztura arte Europan egongo gara, antza hemen ezinezkoa da entrenatzea hilabete horietan, bero izugarria egiten baitu eta ezin omen da ezta kaletik ibili beroaren eta hezetasunaren ondorioz.

Asmoa da Europara joatea, bertako lasterketak egin eta han entrenatzea. Nire ardura da txirrindulariak antolatzea; entrenatzeko orduak, haien helburuak, haien baloreak, haien pisua... errendimenduan eragiten duten gauza guztiak kontrolpean izan.

Eta lasterketei begira aurreikustea, analizatzea eta estrategia prestatzea.

Egingo dituzuen lasterketen artean zein da garrantzitsuena zuretzat?

Egutegi polita dugu. Gaboneko lasterketan adibidez 3 edo 4 World talde daude, gero Langkawin beste 4 daude, Sky, adibidez.

Europara ere joango gara eta espero dugu Euskal Herrian lehiatzea; Lizarran, Zornotzan, Ordizian saiatuko gara egoten eta abuztuan Portugaleko Itzulia dugu. 10 egunekoa da eta ondo prestatu behar duguna.

Dubain nola moldatzen zara taldearekin mintzatzeko?

Hemen jende orok ingelesez daki. Horrela moldatzen gara eta ingelesez ez dakienarekin hitz egiteko beti dago norbait itzultzaile lanak egiteko. Gainera beti oso prest daude horretarako. Oso jende jatorra da eta daukaten guztia ematen dizute.

Taldean ingelesa, frantsesa eta italiera erabiltzen da, Manceborekin gazteleraz hitz egiten dut eta noizean behin euskaraz hitz egiten diet hizkuntza guztiak nahasten ditudalako.

Noiz arte luzatuko da zure lana Dubain?

Urte amaieran ikusiko dugu. Ideia da 3 urtez aritzea, 2017an bukatzeko. Luzatzeko aukera legoke. Taldearen proiektua 2017ra arte pentsatuta dago baina urtero joango gara baloratzen.

Lan ikaragarria dago egiteke eta egunero lanean nago taldea abian jartzeko, antolatzaile lanak egiten.

Sekulako aldaketa suposatu du honek zure bizitzan.

Txirrindularitzaren egoera mundu osoan antzekoa da. Masajistarekin egon nintzen horri buruz hitz egiten. Azken finean elkar ulertzen dugu.

Egia da Euskadi Fundazioko proiektuak berezitasun batzuk zituela eta honek beste batzuk.

Horrek lan mardula eskatzen du baina motibatuta nago, niretzat erronka bat da.
Nik inoiz ez nuen pentsatu Dubain bukatuko nuenik entrenatzen. Harremanetan jarri zirenean nirekin egin nuen lehenengo gauza izan zen Dubai non dagoen begiratzea. Afrika, Asia? Google Maps-era jo nuen eta zenbat kilometro dauden Dubai eta Euskal Herriaren artean begiratu nuen. 7.000 kilometro. Hemen ondoan (barreak).

Txirrindularitza nazioarteko kirola da eta kirolariarentzat arrunta da etxetik kanpo bolada bat ematea, baina egia da hau oso urrun dagoela.

Senide eta lagunek zer esan dizute?

Nik esan diet haiei, noizbehinka deitzeko. Pozik daude pozik ikusten nautelako. Txirrindularitza nire pasioa da.

Amak nahiko luke Euskal Herrian lan egitea baina gauzak horrelakoak dira.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide