Amurrioko Udalak iragarri du aurten jaietako koadrilek jasoko dutela Guk saria. Modu horretan, erakundeak zein Apymcak -merkatarien elkartea- aitortu nahi dute koadrilek egiten duten lana jaiak dinamizatzen eta bultzatzen.
Udalak gogoratu du 1965. urtean jaio zirela koadrilak jaietan hainbat ekintza antolatzeko. Modu berean, aipatu du hainbat koadrila desagertu direla eta beste berri batzuk sortu direla baina guztien asmoa dela adin ezberdinetako pertsonentzat ekintzak proposatzea.
Josune Irabien Amurrioko alkateak adierazi du koadrilen lana aitortu ez ezik, Amurrioko jaiei ematen dioten izaera berezia ere goraipatu nahi dutela.
Guk saria martxoaren 18an jasoko dute koadrilek. Amurrio Antzokian izango da gala eta Aztarna elkartearen lekukoa hartuko dute.