ANA CARBAJO DIAZ (Amurrio, 1996) Amurrioko Dantza Lagunak koadrilako kidea da. Herriko gainontzeko koadriletako kideekin batera dabil larunbatean, urtarrilaren 31n, ospatuko den Puntazo Egunaren antolakuntzan.
Iaz bezala, aurten ere urtarrilaren azken asteburuan egingo duzue Puntazo Eguna.
Bai. Normalean abenduan egiten dugu, baina aurten urtarrilaren 31an ospatuko da. VII. Edizioa da aurtengoa eta datak egokiak ez zirenez pentsatu genuen urtarrilean jartzea, data horretarako unibertsitateko ikasle guztiek azterketak bukatuak izango dituztelakoan gaudelako.
Ahalik eta jende gehien bertaratzea duzue, beraz, helburu.
Hala da. Amurrioko Jai Koadriletako gazteek antolatutako jaia da Puntazo Eguna. Koadrilak abuztuko jaietan elkartzera ez mugatzeko pentsatutako ospakizuna da.
Egitarau aldetik aurreko urteetako eskema bera jarraitu duzuela dirudi. Badago berrikuntzarik?
Egun osoko jaia izango da. Goizeko 11:00etan hasiko da, triki-poteoarekin. Herri bazkaria egongo da gero, baina bertan parte hartzeko tiketak erosi behar dira aurretik. Txokogorri eta El Rinconcito tabernetan daude salgai, hamar euroren truke.
Gero, arratsaldean, “Txipiroi jolasa” egingo da, aurtengo berri nagusia izango dena. “Puntazo momentua” egingo da gero eta 19:00etan Zaparrada batukada arituko da herriko kaleetatik jotzen, giroa alaitzeko.
Gaua gustukoa duten pertsonentzat, berriz, kontzertuak hasiko dira gaueko 22:00etan. Aurten Zea Mays, Monkey Painters eta Akerbeltz taldeak izango ditugu.
Zertan datza “Txipiroi jolasa”?
Antzararen jolasaren tankerakoa izango da. Taldekako jokoa izango da, eta hainbat proba izango ditu.
Zazpigarren ediziora iritsi zarete. Ibilbide luzea.
Bai. Hasieran lagunarteko jai gisa planteatu zen Puntazo Eguna.
Baina izandako arrakasta medio jai ofizial bat bihurtu da, zeinetara inguruko herrietako jendea ere bertaratzen den.
Herriko jendeak goizetik parte hartzen du. Inguruko herrietakoak, berriz, gau partean bertaratu ohi dira.
Baina guk jende orori luzatu nahi diogu festan goizetik gauera arte egoteko gonbitea.
Gu oso pozik gaude izandako bilakaerarekin, festak ospe handia lortu baitu.
Zein da lortutako ospe horren gakoa?
Amurrioko Jai Koadrilak biltzeko ekimen bat dela. Hori alde batetik. Bestetik, negu partean jai eta ekintza askorik ez egoteak ere eragina dauka bertaratzen den jende kopuruan.
Eta jai koadriletako kideentzat zer nolako eguna da Puntazo? Festa eguna edo lan eguna?
Lan eguna seguru asko. Koadriletako zenbait kideren artean eramaten dugu festa aurrera, eta horrek lan handia suposatzen du.
Baina emaitza ikusita egindako lana pena merezi izan duela ikusten duzu.
Puntazo Eguna, zein da Amurrioko Koadrilen hurrengo erronka?
Oraindik ez daukagu beste ekintzarik finkatuta. Baina Udalak antolatzen dituen zenbait ekintzatan parte hartzen saiatzen gara. Baina Puntazo Egunean eta Amurrioko Jaietan inplikatzen gara gehien.