"Euskal Selekzioarekin 30.000 pertsonen aurrean lehiatu naiz Belgikan"

Erredakzioa 2015ko urt. 23a, 18:21

JOSU ALBIZUA (Amurrio, 1997) ziklokroseko txapelketetan aritzen da eta emaitza oso onak lortu ditu. Asteburuan Abadiñon irabazi zuen lasterketa eta duela gutxi Oñatin gauza bera egin du. Larunbatean Abadiñoko Ziklokros txapelketan lehenengo postua eskuratu du, Junior mailan. 

Ziklokros eta errepideko txirrindularitza egiten duzu, zein da egokiena zure ezaugarrientzat?

JOSU ALBIZUA (Amurrio, 1997) ziklokroseko txapelketetan aritzen da eta emaitza oso onak lortu ditu, Oñatin adibidez lasterketa irabazi zuen. Larunbatean....

Ziklokros eta errepideko txirrindularitza egiten duzu, zein da egokiena zure ezaugarrientzat?

Nik nahiago dut ziklokrosa eta nire ezaugarrietarako askoz hobeto datorkit kirol hori, laburrak eta biziak baitira lasterketak.
Gainera ez ditu aldapa asko eta teknika handia behar da lokatza dagoenean. Ni motokrosetik nator eta hori oso ondo datorkit.
Alergiak arazoak sortu dizkit, udaberrian eta udan gehienbat baina neguan ere eragiten dit nahikotxo. Aurten zorionez lortu dut asma eta alergia arazoak konpontzea eta oso ondo sentitu naiz.

Ziklokrosaren esparruan nolakoa izan da zure ibilbidea?

S. C. Aialan hasi nintzen kadetea nintzenean. Lehenengo urtean ez nituen izan emaitza onik baina gustatu zitzaidan, agian lokatzagatik edo.
Bigarren urtean ez nuen espero baina lehenengo lasterketatik hasi nuen emaitza onak lortzen. Urte horretan garaipen bat eskuratu nuen eta Superprestigio -orain Copa España dena- lasterketan 5. postua lortu nuen.
Iaz Sopelako S. C. Ugeraga taldera joan nintzen, gazte mailan talderik ez baitu S. C. Aialak.
Iaz asma arazoak izan nituen eta nahiko txarto pasatzen nuen lasterketa hasieretan.  Ziklokrosean hasierak oso biziak dira eta. Lasterketa bukatu ahala asma kentzen zitzaidan. Agian minutu bakarra zen, baina ni lasterketan nengoen eta arnasik gabe geratzen nintzen eta jarraitu behar nuen lasterketan, denak emanda.
Hasieran galtzen nuena berreskuratu behar nuen.
Aurten ziklokrosa oso ondo prestatzen saiatu gara. Asma ekiditeko arreta handia jarri diot elikadurari. Adibidez garia kendu dut, alergiak eragiten baititu. Askoz hobeto ibilia naiz.
Egia da 2014-2015 denboraldian oso irregularra izan naizela eta lasterketa oso onak egin ez ezik oso txarrak ere egin ditut.

Zergatik izan da irregularra denboraldia?

Nik kontzentrazio faltari leporatzen diot. Irteera oso garrantzitsua da, sprinta da eta %100eko kontzentrazioa ez jartzea, adi ez egoteak arazoak eman zizkidan.
Bestalde egun txarrak izan ditut eta denboraldiaren hasieran ez naiz sasoi onenean egon. Sasoia urtarrilean hartu behar da.

Ziklokros txirrindulari fina izateko zer behar da?

Neguan lehiatzen denez lokatza egon ohi da eta teknika behar da horretarako. Batzuetan korrika oinez egin behar da, txirrindula hartu eta korrika egin. Batzuetan tarte luzeak egin behar dira eta hori nabaritzen da.
Bestalde, oso garrantzitsuak dira txirrindularen tubularrak. Ondo ibili nahi baduzu eta gurpilei etekina atera tubularrak eta presio egokiak bermatzen dute bihurgunetan azkar joatea.
Indar handia ere behar duzu, lunbarretan adibidez. Bihurgunetan indarra behar duzu ateratzeko.

Izandako lorpenen artean zein azpimarratuko zenuke?

Niretzat lasterketarik onena Espainiako Txapelketa izan da. Postu hobeagoak lortu ditut beste batzuetan baina honetan izan da hobekien pasa dudan lasterketa. Asko disfrutatu nuen.
Gehiago espero nuen postuaren aldetik. Baina lehenengo itzulian katea atera zitzaidan eta azkena geratu nintzen. Lehenengo itzuli horretan 20 pertsona inguruk aurreratu niten eta itzuli horretan 14. geratu nintzen. Zirkuitua oso irristakorra zegoen eta niretzat aproposa zen.
Oso azkar harrapatu nituen eta asko gozatu nuen bihurgunetan. Ibilbidea oso dibertigarria zen eta azkar mugitzen nintzen bihurgunetan eta aurreratzen nuen jendea.
Lehenengo itzulia ikusita, azkena gelditu nintzela, ez nuen espero hain postu ona lortzea.
Podioan sartzeko gogoekin geratu nintzen. Laugarrena oso hurbil zegoen helmugara iritsi nintzenean.

Euskal Selekzioarekin aritu zara ere.

Nahiko ona. Gainera Belgikara eraman gaituzte eta hori da esperientzia oso polita. Herri horretan baitago benetako maila. Oso altua da.
Gu hemen onenak izanik han ez genuen 15. postua baino hoberik eskuratzen.
Eta hor dagoen zaletasuna oso handia da. Kultura ikuskizuna izango balitz bezala. Jende asko doa, hemen futbol partida izango balitz bezala. 30.000 pertsona egon izren ikusten lasterketa. Jendetza horren beharrak asetzeko dago guztia prestatuta; pantaila erraldoiak, janari postuak...
Oso esperientzia polita izan da.

Etorkizunerako zeintzuk dira zure erronkak?

Laster sartuko naizen garaian gogoko izan behar duzu ziklokrosa eta lan egin behar duzu.
Sub-23 mailan ez du balio aitzakiarik eta lan egin behar duzu aurrean egoteko. Muga horretan argi geratzen da serio hartzen duzula edo zaletasun gisa duzula.
Zaletasun moduan izateko, normalean jendeak gazte mailan uzten du edo Sub-23 mailan urte pare bat egiten ditu edo bakarra. Baina hori da muga.
Oso ondo ibili behar zara, jende asko dator kanpotik eta. Euskal Herrian eta estatuan ere txirrindula asko bizi den lurraldea da eta Hego Ameriketatik jende asko dator.

Hor dago kinka. Ikastea edo txirrindularitza. Ikusi beharko da, ikastea oso garrantzitsua baita eta Sub-23 kategoria exijentea da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide