Apirilaren 18an izango da ospakizuna, eta egun osorako egitaratu prestatu dute Euskotarrak koadrilako kideek. Izan ere, 50. urte bete dituzte, eta data biribil hori behar bezala ospatu beharra dela iritzi diote. Ahalik eta jende gehien erakartzera da haien asmoa, eta egun horretan koadrilaren ohiko janzkera erabili nahi dute, noski.
Jai-egun horretako hitzordurik garrantzitsuenetako bat Matias Landaburu ikastetxeko frontoian egingo duten herri-bazkaria izango da. Bazkaria 15:00etan hasiko da, eta haren prezioa 15 eurokoa da helduentzat eta 10ekoa umeentzat (14 urtetik beherakoentzat). Dirua Rural Kutxan sartu behar da, 3008 0214 1730 78724618 kontu-zenbakian, apirilaren 3a baino lehen.
Ospakizunak eragindako kostuak ordaintzeko, zapi brodatuak eta paparrean ipintzeko ezkutuak jarri dituzte salgai Amurrioko taberna hauetan: Fronton tabernan, El Rinconciton, Akeitan, Alanbiken eta Abiaga jatetxean. Zapiek zazpi euro balio dute, eta ezkutuek, berriz, bost.
Kideek koadrilaren sorreraren nondik norakoak azaldu dizkigute: “1965-66. urteetan, lagun talde batek Amurrioko jaietarako koadrila bat sortzea erabaki zuen. Eginkizun hori ez zen batere erraza izan momentu hartako egoera politiko eta ekonomikoa kontuan harturik. Hala ere, koadrila bat sortzearen grina erraldoi horrekin jarraituz eta ilusio handiz Euskotarrak koadrila sortu zuten”.
Koadrilaren sorrerari eta ibilbideari buruz gehiago jakin nahi duenak, dena den, urteurrenaren harira argitaratuko duten liburuan aurkituko ditu xehetasun guztiak, bai eta hainbat argazki eta bitxikeria ere.
Atxikita duzue apirilaren 18rako egitarau osoa.