Udalak Goikolarra eta Larrabe auzoetako irisgarritasuna hobetzeko lanak egingo ditu. Lehena, Larraberi dagokionez, egina dago. Horren bidez ur-bilketa bideratu da ondoko lur-sailetik gainezka egin ez eta hezetasuna dela eta jendea irristatu ez dadin. Gainera, horren bidez gunea garbi mantenduko da.
Bigarren lana Goikolarra eta Mendiko kaleen arteko altzairu herdoilgaitzeko 71 metroko baranda egitea izango da.
Udaletik 4.810,96 euroko inbertsioa egingo da mugikortasun eskaseko pertsonei laguntza emateko. Izan ere, auzoko batzarretan behar hori azpimarratu zen. Mendiko inguruan adin nagusiko jende asko bizi dela argudiatu dute Udaletik. Alkatearen arabera lehenengo begiradan antzematen ez bada ere, benetako arazoa da hori. Horregatik, obraren ondoren ziurrago eta errazago mugituko direla uste dute.