Azaroaren bigarren hamabostaldian Amurrioko udalak partaidetza prozesua abiatu zuen herritarrei bere proiektu estrategikoak baloratzeko aukera emateko. 258 amurrioarrek egin dituzte ekarpenak eta balorazioaren datuak zabaldu ditu udalak.
13 proiektuek lortu dute gainditzea proposatutako balorazio sistema jarraituz; 1 eta 5 arteko puntuazio sistema erabili dute, horren arabera 1 “batere pozik” eta 5 “oso pozik” izan delarik. Hala ere proiektu guztiek ez dute jaso onarpen maila bera.
Iritzi onak
Harrera positiboena jaso dutenak Nerbioi ibaiko Parke lineala (3.99), traba arkitektonikoak kentzea (3.76) eta hornidura-sarea berritzea (3.55) izan dira hurrenez hurren.
Modu baikorrean ere baloratu dituzte bizi-kalitatea hobetzeko instalazioak, San Jose auzoan egindako lanak eta anbulatorio berriaren proiektua. Dena den, hainbat kezka adierazi dituzte amurrioarrek.
Zalantzak
Adibidez, osasun-zentro berriak zerbitzu gehiago izatea nahi dutela azaldu dute herritarrek. Beste kasu batzuetan, erakundeen eta herritarren arteko urruntasuna bistakoa da. Askok esan dute peoien, ofizialen eta atezainen lan-poltsak eta enplegurako toki eta eskualdeko planak ez direla gardenak, nahiz eta legea eta kontratazio-prozedura betetzen duten.
Partaidetza
Partaidetzak ere iritzi ezberdinak lortu ditu. Udalak uste du Parte Hartzeko Arloa eta Zerbitzuak zein Auzobegirale proiektuen berri informazio nahiko ez dutela jaso amurrioarrek. Aldi berean, zenbait prozesu pate-hartzaileen balorazioak ez dira guztiz positiboak izan.
Horrela, udalak azaldu du gazteen aisialdirako lonjen erabilerari buruzko tokiko ordenantza abian jarri duela, herritarrek indarrean ez dagoela uste arren.
Beste zentzu batean, San Anton Armuru plazan erabilera anitzeko gune estalia bilakatzeko proiektuak oraindik ezinegona sortzen du zenbait herritarren artean, herriko pertsonek bozkatutako ideia ez baitzuen babestu epaimahai teknikoak.
Hiri-antolamendurako Plan Orokorra izan da balorazio apalena eskuratu duen proiektua, herritarrek ez baitute sumatzen tresna arin gisa.