Lucas Rey Amurrioko Ikastetxearen eTwinning proiektua estatu espainiarreko hoberena izendatu dute. eTwinning plataformak ikastetxe europarren arteko elkarlana sustatzea du helburu. 2013-2014 ikasturteko 6. mailako ikasleak Grezia, Polonia eta Italiako klaseekin jarri ziren harremanetan birziklapenaren inguruko lana gauzatzeko.
Zuzendariak gidatu zituen ariketa ezberdinetan -adibidez paper birziklatua egitea- eta emaitza onak eman ditu egitasmoak. Estatuan egindako 2000 baino gehiagoren artean hoberena izan baita.
Lehen aldiz lortu du Arabako ikastetxe batek aitorpena eta 10 urte ditu plataformak, beraz, Joserra Jimenez Gil Lucas Rey-ko zuzendariak goraipatu nahi du egindako ahalegina. Gainera, irakasleak azpimarratu du matematikak, teknologia berriak, ingurumena eta ingelesa uztartu dutela ikasleek.
Europan ere lehiatuko da proiektua eta aitorpena berriro irabaziz gero Bruselasera bidaiatzeko aukera izango dute ikasleek. Martxoan jakinaraziko dute nor den irabazlea.