Udalak doako izotz-pista jarri du Juan Urrutia plazan. Gaur hasi eta abenduaren 30era arte egongo da irekita, ordutegi honetan: goizez, 11:00etatik 14:00etara; eta, arratsaldez, 16:00etatik 20:00etara. Pistak 200 m2-ko azalera du, eta 35 lagunentzako tokia, gehienez.
Pista ekologikoa da, izotz sintetikokoa, eta ez du energiarik xahutzen. Izotz sintetikoak izotz arruntaren ezaugarri berberak ditu —eta irristatzeko aukera bera ematen du— baina badu abantaila bat: ez duela arropa bustitzen.
Antolatzaileek adierazitakoaren arabera, ez da ume eta gaztetxoentzat soilik, eta helduek ere erabil ditzaten nahi dute.
Amurrioko Udalak hainbat jarduera antolatu ditu Gabonetarako eta izotz-pista da, hain zuzen, aurtengo berritasuna. Josune Irabien alkatearen esanetan, jardueron helburua da herritarrek egun hauek Amurrion igaro ditzaten bultzatzea, erosketak ere bertako dendetan egin ditzaten.