Hainbat instituzioetako agintariek eta Javier de Andres Arabako diputatu nagusiak atzo inauguratu zuten Salbioko geralekutik Zamorako zelaira arteko parke linealaren 860 metro berriak. Diputatuarekin batera Marta Ruiz Arabako Ingurumen diputatua eta Josune Irabien Amurrioko alkatea izan ziren eta oinez egin zuten bide berdearen zati berria.
De Andresek inaugurazioan azpimarratu zuen Aldundiak 373.000 euro inbertitu dituela inauguratutako zatian, eta gaineratu egunero 440 herritarrek erabiltzen dutela parke linealaren ibilbide arabarra. Azaldu duenez, Arabako Ibilbide Berdeen saretik gehien erabiltzen denetako bat da Nerbioiko Parke Lineala, guztira 160.000 erabiltzaile urtean, 128.000 oinez eta 32.000 bizikletan.
Parke Linealak egun 8,4 kilometro ditu, Gardeako auzoan hasi eta Nerbioi ibaiaren ibilgua jarraituz Salbiora arteko bidea egiten du. Ibilbide honetan metalezko 7 pasarela daude. Informazio gehiago erreportaje honetan.