Urtero bezala, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek ikuskizuna eskainiko dute Amurrion. Euskara arloak antolatuta, pailazo ezagunen “Txo, Mikmak txikia” ikuskizun berria eskainiko dute abenduaren 19an Amurrioko Bañueta Kiroldegian. Aurten baina, eta aurreko urteetan saioak izandako arrakasta ikusita, bi saio eskainiko dira, lehenengoa 17:15ean eta bestea 19:15ean.
Sarrerak 4€ balio du eta kultura etxean abenduaren 9tik aurrera (goizeko 10:00etan hasiko da salmenta) eskura daitezke. Lehendabiziko bi egunetan pertsona bakoitzak 5 sarrera eskuratu ahal izango ditu gehienez.
“Txo, Mikmak txikia” ikuskizun berria, Porrotxen hitzak
(Goiena.eus web-gunean jasotako elkarrizketa)
Nolakoa izango da Txo, Mikmak ikuskizuna?
Gaur egun, plastikozko kontinente bat sortzen ari garela uste dugu. Plastikoek itsasoan bukatzen dute eta arrainak arriskuan daude. 50.000 mikmak indiar inguru bizi dira Ternuan, eta gu, euskaldunak, mikmak txikiak bezalakoak gara. Hala, mikmak bat etorri da ea natura-eta zaintzen dugun ikusteko. Izan ere, denok dugu Plastiker txiki bat gure barruan; hura ikuskizuneko gaiztoa izango da. Albaola proiektua ardatz izanik, San Juan baleontzia eraiki eta itsasoa salbatzera joango gara.
Nola egingo duzue?
Historian zehar atzera begiratuko dugu, gaur egungoa islatzeko. Lehen, baleak harrapatzen genituen; orain, berriz, salbatu egingo ditugu. Auzolanean, kulturan eta naturan oinarrituta egongo da.
Zein helbururekin zatozte?
Hausnarketarako bidea eman nahi du ikuskizunak: nondik gatozen, eta nora goazen...
[video:https://www.youtube.com/watch?v=gucu_SkXZbc width:400 height:250]