Aiaraldea Komunikazio Leihoak "Ene begiak eme" ikuskizuna sortu du eskualdeko artista ezberdinekin. Emanaldi bakarra egingo dute, abenduaren 14an 19:00etan Amurrio antzokian. Aiaraldeko 40 pertsonatik gora elkartuko ditu oholtzak, emakumeen egoera ezberdinak ikustarazi eta generoaren (des)eraikuntza izango dituelarik ardatz. Besteak beste, antzerkia, musika, dantza, margoa edo poesia oholtzaratuko dute. Baita ipuin musikatuak ere.
Irailean hasi ziren emanaldia prestatzen, urrian sortzaileekin harremantzen eta azaroan entsaiatzen. Emanaldia grabatu egingo dute, ondoren DVD bat ekoizteko.
Sarrerak, egunean bertan
Sarrerak egunean bertan salduko dira, hiru euroren truke. Dena dela, lehenago eskuratzeko bidea ere egongo da: Facebook eta twitter sare sozialetan ikuskizunaren kartela elkarbanatzen dutenen artean 8 sarrera zozketatuko baitituzte. Irabazleak abenduaren 12an jakinaraziko dira, goizeko 12:00etan. Emanaldiaren jarraipena egiteko #EneBegiakEme traola erabiliko dute.