Eskuratu daitezke jada Aiara Dantza Taldearen ikuskizunerako sarrerak

Erabiltzailearen aurpegia Lucia Menoyo 2014ko aza. 18a, 11:12

Amurrioko Antzokian egingo dute ikuskizuna Aiara Dantza taldeko kideek, eta bi emanaldi egongo dira guztira: azaroaren 29 eta 30an. Sarrerak Amurrioko Kultur Etxean eskuratu daitezke jada. Dantza Taldearen 30. urteurrenaren azken ekitaldia izango da, eta Amurrion dantzek 30. hamarkadatik gaur egun arte egin duten ibilbidea izango du ardatz. 

Amurrioko Antzokian egingo dute ikuskizuna Aiara Dantza taldeko kideek, eta bi emanaldi egongo dira guztira: azaroaren 29 eta 30an. Sarrerak Amurrioko Kultur Etxean eskuratu daitezke jada. Dantza Taldearen 30. urteurrenaren azken ekitaldia izango da, eta Amurrion dantzek 30. hamarkadatik gaur egun arte egin duten ibilbidea izango du ardatz. 

Aurten bere 30.urteurrena ospatzen ari da Aiara Dantza Taldea. Bere koordinatzaile gazteek urtea ekitaldiz josi dute: argazki eta jantzi erakusketa otsailan, euskal ezkontza eta bazkari jendetsua maiatzan eta dantza ikuskizuna abuztuko jaietan. Azken ekitaldi gisa, zerbait handia etorri behar zuen eta Amurrioko Antzokian 140 dantzari, musikari, bertsolari eta aktore bilduko dituen antzezlana prestatzea erabaki zuten.

Ikuskizuna ikusteko bi aukera izango dira, azaroaren 29an lehenengoa, arratsaldeko 20:00etan eta hilaren 30ean,19:00etan, bigarrena. Sarrerak Amurrioko Kultura Etxean eskuratu daitezke, 6 eurotan Antzokiko bazkideentzat eta 7 eurotan gainontzeko publikoarentzat.

Dantza bakarrik ez, zuzeneko musika, koru emanaldia, antzinako grabazioak, antzerkia, bertsolaritza eta Zuberoko pastoralei egindako keinua ere bilduko ditu ikuskizunak.

Taldeko arduradunetariko bat den Iraia Aspuruk azaldu duenez, aspaldi Amurrion izan zen “Dantza Lagunak” taldeko dantzari ohiek berriro dantzan ateratzeko gogoa agertu zuten eta horrela sortu zen ikuskizunaren ideia. Herrian maila altuko antzokia izateak ere tokia aprobetxatu eta asmo handiko antzezlana prestatzeko gogoa piztu zien.

Hasierako asmoa Aiara Dantza Taldearen historia kontatzea zen. Gero, gidoia zirriborratzeko lana hartu zuen Eneko Aldai dantzariak, Amurrion izan diren gainontzeko dantza taldeetara zabaltzea eta Euskal Herriko historiaren testuinguruan kokatzea proposatu zuen.

Antzezlana, 30 hamarkadatik gaur egunerarte Amurrion eta Euskal Herrian jasotakoak biltzen ditu, betiere dantzaren ikuspuntutik.

Kamuflatutako ikurrinak eta iparraldetik ekarritako diskak
Ikuskizunean, ikurrina debekatua zegoen garaietako pasarte esanguratsuak ezagutu ahal izango dira, zuri-berdez jantzitako “Dantza Lagunak” taldeko kideak, txapel gorria jantziz ikurrina kamuflatua osatzen ikusiko ditugu, adibidez, baita Iparraldetik heltzen ziren “Ez dok Amairu” musika taldeko diska debekatuak ere.

Amamen armairuetatik ateratako jantziak
Aiara Dantza taldeko kideak azaldu digutenez, ezer gutxi erosi dute antzezlanerako: aktore eta dantzariek eramango dituzten jantziak, salbuespenak salbuespen, aitite-amamen armairuetatik atera dira eta irudimena erabili dute gaur eguneko arropei antzinako kutsua emateko.

Ikuskizun handia antolatzearen erronka
Antzezlanaren autore eta antolatzaileak horrelako ikuskizun handia inoiz prestatu ez duten hogei urte inguruko gazteak dira. Indarra eta ilusioa, ordea, ez zaie falta eta antzezlana sortzeko orduan ez diote haien buruari inolako mugarik jarri, betiere zeozer handia egiteko asmotan.

Entseguetan burubelarri sartuta daude eta taldeko kideek aitortu dutenez, urduritasun puntua badute. Emanaldietan, bizpahiru aldiz arropaz aldatu, dantza egin, 5 urteko dantzari txikiak gidatu eta guztientzako errejidore lana egin, dena aldi berean egin behar izango dutela badakite, tentsio uneak eta negarrak izango direla ere bai.

Inprobisatzeko gaitasunean sinisten dute, ordea, eta ikuskizun perfektua agian ez, baina ikuskizun polita eskainiko dutela ziurtatzen dute.

Ia ehun urteko historia

Ia ehun urteko historia pasartea kontatuko du ikuskizunak, ondorengo zatietan banaturik: 

30. hamarkada
Dantza talde ezberdinak egon ziren garai horretan Amurrio inguruetan, Larrinbe, Amurrioko Batzokiko edo Baranbioko taldeak esaterako.

Frankismoa
1936. urtea iritsi eta Francok estatu kolpea eman zuen Espainian. Emanaldian azalduko denez, Amurrion sortu zen Dantza Lagunak taldeak ere bizi behar izan zituen errepresioaren ondorioak.

Trantsizioa
Frankismo ondorengo garaia ere gogorra izan zen. Emanaldian azalduko denez, Ipar Euskal Herritik ekartzen zituzten askok Hego Euskal Herrian debekatutako hainbat gauza: Ez Dok Amairu musika taldearen biniloak edo ikurrinak esaterako.

Gaur eguna
Aiara Dantza Taldearen oraina zein den ikusi ahal izango da ikuskizunaren zati honetan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide