Iragan irailaren 27an zendu zen Xabier Latorre amurrioarra. Musikari familia batean jaioa, musika izan zuen bere bizitzaren ardatzetako bat. Txistua maisuki jotzeagatik bilakatu zen ezagun, eta Amurrioko zein beste herri batzuetako abesbatzekin aritu zen jotzen.
Munduko zenbait herrialde bisitatzeko aukera eman zion horrek; eta instrumentu hori lehenbiziko aldiz entzuten zuten austriar edota suitzarrak liluratuak geratzen ziren Latorreren maisutasunaz ohartuta. Orozko- Ibarrako Itxinape eta Aretako Untzueta dantza taldeekin aritu izan zen musikari, eta Aiara Dantza Taldearen lehen urteei ere jarri zizkien notak. Eskualdeko herri asko jantzi zituen musikaz, kalejiraz-kalejira eta festaz festa. Eta txistua soilik ez, klarinetea ere oso ondo jotzen zekien. Txistu maisua izateaz gain, aita apala eta lankide ona izan zela azaldu dute bere lagunek, izaera xumekoa. Hortaz gain, bere ezaugarririk nagusiena bere maitasuna izan dela azpimarratu dute.