GUIOMAR PUERTA GARCIA (Amurrio, 1992) ETB1eko Goenkale telesailean hasi da aktore lanetan. Pribilegiatua sentitzen da: "Oholtza batera igo egin nintzen lehenengo aldia nire amaren sabelaren barruan nengoela izan zen".
Goenkalen Taniaren azalean jardungo zara. Pozik al zaude?
Bai, izugarri pozik nago. Hainbeste ibilbidea daukan telesail batean parte hartzea ohore bat da niretzat eta, gainera, ikasteko abagune ezin hobea. Goenkaleren 21. denboraldia da eta nik 21 urte ditut, sinestezina da hemen egotea! Eman didaten aukerari ahal dudan probetxu guztia aterako diot.
Zein istorio ezkutatzen du zure pertsonaiak? Nolakoa da?
Tania oso neska sentibera eta zintzoa da, Etxegaraitarren alaba zaharrena eta, beraz, oso arduratsua. Alaba jasoa da eta, horregatik, familian bere lekua irabazten saiatzen da beti; denei bere maitasuna zabaltzen. Medikuntza ikasten ari da eta, egunen batean, mediku bikaina izatearekin amesten du.
Aktore gisa zein izan da orain arte egin duzun ibilbidea?
Egia esan, Goenkale da egin dudan lanik handiena. Film labur pare batean egin dut lan, baita bideoklip batean ere, baina orain arte ez dut hau bezalako aukerarik izan.
Noiz eta nola sartu zinen antzerki munduan?
Betidanik mundu honetan egon naizela esan daiteke. Artisten etxe batean jaiotzeko zortea izan dut eta txikitatik egon naiz inguru honi lotuta. Oholtza batera igo egin nintzen lehenengo aldia nire amaren sabelaren barruan nengoela izan zen. Pribilegiatua naiz, nire gurasoengandik izugarri ikasi izan ahal dudalako.
Oholtza ala pantaila, zer duzu nahiago? Zeintzuk dira bakoitzaren alde on eta txarrak?
Orain arte egin ditudan lan guztiak ikus-entzunezkoak izan dira, oholtza probatzeko gogoak ditut, baina horretarako prestatu beharra daukat.
Zinemaren paradisua oraindik urruti duzu orduan?
Paradisua begiztatzen ari naiz! Laster pelikula batean parte hartuko dut, paper txikia da, baina oraindik ezin dut sinetsi hala izango denik...
Zure ametsek errealitatetik ala fikziotik, nondik dute gehiago?
Lortezinak zirela uste nuen, baina bete egiten hasi dira, errealitate bihurtzen... Ameslari handia izan naiz betidanik, beraz amets pila bat ditut. Horietako asko urruti daude oraindik, baina bide egokitik nabilela uste dut.
Txikitan eskolara ez joateko tripakomina antzezten zuen horietakoa zinen?
Ez, ume oso zintzoa nintzen. Baina gogoratzen dut noizean behin, gaua zenean, egongelan lokartuaren plantak egiten nituela, amak edo aitak besoetan ohera eramateko.
Goenkale sekula bukatzen ez den telesaila delako aukeratu al duzu?
Haiek aukeratu naute ni! Hala ere, Goenkalek hainbeste urte badirau, arrakastaren sekretuarekin asmatu duelako da, bere istorio eta pertsonaiekin belaunaldi desberdinetako publikoari gustatzea lortu dute. Eta hori goraipatzekoa da.
Nolakoa da kapitulu bakoitzaren atzean dagoen lana? Eta grabaketa egun bat?
Asko zaintzen da kapitulu bakoitza, grabaketaren erritmoa oso arina izanda ere. Askotan goizeko 6.45etan hasten gara... pentsa! Sekuentzia bakoitza grabatu baino lehen, aktore zuzendariarekin entsaiatu egiten da. Ez dago galtzeko denborarik, baina hala ere eszena guztiak mimo handiz lantzen dira. Aktoreen lana asko zaintzen da Goenkalen.
Zer aholkatuko zenioke aktore izan nahi duenari?
Bere burua prestatzeko. Ahal duen profesional onenarekin ikasteko eta gogor borrokatzeko. Ez da lanbide erreza, etengabe kastingak egin behar dituzu. Hasieran oso gogorra izan daiteke, baina ez etsi, zure aukera heldu egingo da.