“Boteretsuen interesak eta jende xumeenak ez dira soilik ezberdinak, kontrakoak baizik”

SABINO CUADRA LASARTE (Amurrio, 1949) abokatua, sindikalista eta politikaria da. 2011z geroztik Amaiurreko diputatua da Espainiako Kongresuan. Hurrengo ostiralean, irailak 20, sorterrira etorriko da aurten argitaratu duen Arrojado a los leones liburua aurkeztera. Hitzordua 18:30ean izango da Katekesi aretoan. Bisita horren harira, bada, elkarrizketa egin dio Aiaraldea Komunikazio Leihoak.

SABINO CUADRA LASARTE (Amurrio, 1949) abokatua, sindikalista eta politikaria da. 2011z geroztik Amaiurreko diputatua da Espainiako Kongresuan. Hurrengo ostiralean, irailak 20, sorterrira etorriko da aurten argitaratu duen Arrojado a los leones liburua aurkeztera. Hitzordua 18:30ean izango da Katekesi aretoan. Bisita horren harira, bada, elkarrizketa egin dio Aiaraldea Komunikazio Leihoak.

 

Arrojado a los leones. Espainiako Diputatuen Kongresuko "arena"ra bota duten gladiadore baten pare sentitu zarela diozu. Legegintzaldi erdia igaro delarik, sentipen bera duzu oraindik?

Bai, oraindik ere antzeko sentsazioa daukat. Lehoiek eta Kongresuko basapizti guztiek —tigreek, panterek, otsoek…— atzaparkadaka segitzen dute etengabe.

Horren froga dira Segurtasunaren Legea eta Kode Penala gogortzea; Mutuen Lege berria, Segurantza Sozialeko babesaren pribatizazio handiagoa bultzatzen duena; mota guztietako murrizketa sozialak…

Hori, alde batetik, eta bestetik erabateko bazterketa eta kriminalizazioa pairatzen segitzen dugu Amaiurrekoek, bai Kongresuan bertan, bai eta komunikabide gehienetan ere. Gure ahotsa eta mezuak ez dituzte gustuko eta atzaparkadaka segitzen dute gurekikoan.

 

Erretiroa hartu berritan, Nafarroako zerrendaburua izateko erronka bota zizuten. Bilduk lortutako emaitzak ikusita, ziur samarra zen hautatu egingo zintuztela. Erraza izan al zen erronka hori onartzea? Hainbat gauzari uko egingo zenien, ez?

Gogor samarra izan zen. Nafarroako Amaiurreko zerrendaburu izateko proposamena egin zidatenean, urtebete neraman jubilatuta. Ezker abertzalean segitzen nuen militante langile eta zintzoa izaten, baina, beste erritmo batekin, mantsoago.

Jubilazioari esker, ahaztuta eta baztertuta nuen gitarra hartu nuen berriro eta ikastaro batera joaten hasi nintzen. Horretaz gain, aurrejubilatu koadrila batekin mendira irteteari ekin nion asteartero eta igeritokira ere zintzoki joaten hasia nintzen, bizkarrezurra ukituta daukat-eta.

Jakina, Madrilera joateak gauza horiek guztiak erdi pikutara botatzea suposatzen zuen. Munduan justiziarik ez zegoela pentsatu nuen. Baina, tira, lagun minekin kontsultatu ondoren eskaintza horri baietza ematea erabaki nuen.

 

Kongresuan talde propioa osatzeko eskubidea ukatu diote Amaiurri. Horrek nabarmen murriztu du eztabaidetan parte hartzeko duzuen denbora. Gainera, hedabide nagusiek "boikot informatiboa" egin dizuetela salatzen duzu liburuan. Hala ere, zure interbentzio batzuek arrakasta itzela izan dute youtuben. Zer dute zure hitzek jendea erakartzeko?

Bai, horrela da. Beste legegintzaldi batzuetan, nahiz eta EAJ eta ERC gure egoera berberean egon, talde propioa osatzeko eskubidea aitortu zieten. Baina Amaiurri ez.

Zergatik? Esana daukat: gure ahotsa eta mezua atsegin ez dituztelako. Begira, diputatu kopuruaren aldetik (zazpi diputatu ditugu), Kongresuko bosgarren indarra gara, EAJren eta UPyDren aurretik (bosna dituzte haiek), baina, hala eta guztiz ere, ez gara ia existitzen, ez politikoki, ez eta mediatikoki ere. Astean zenbat aldiz agertzen dira aipatutako alderdi horiek komunikabideetan, eta zenbat Amaiur? Itsusiagoak gara, akaso?

Bestalde galdetzen didazu zergatik izan ote diren hain arrakastatsuak gure interbentzio batzuk youtuben eta beste komunikabide alternatibo batzuetan. Ba, nik uste dut, hitz jario zuzena eta jendearen hizkera erabiltzeagatik izan dela.

Kongresuan, batez ere, kaleko jendearentzat egiten ditugu gure interbentzioak, ez “hemiciclo”an eserita eta aspertuta dauden 50-60 diputatuentzat (350 gara, hau lotsa!).

 

Gogorra al da pertsona ezaguna bilakatu izana?

Neurri batean, bai. Badakizu, lagun askok kalean geldiarazten zaituzte, eta denetarik esaten eta galdetzen dizute. Hori bai, gehien-gehienek animoak ematen dizkizute .“Oso ongi atzokoa, Sabino!”, edo, “egurra, egur gehiago emaiezu!” eta horrelakoak. Beste batzuek, aldiz -egia esan behar- tabarra ere ematen dizute. Baina, tira, horrelakoa da bizitza.

Oro har, kontent nago, zeren, honek guztiak esan nahi duena da zure lanari jarraitzen diotela eta hori da inportanteena: zuk egiten duzuna baloratzea, txalotzea, kritikatzea…

 

Liburuko bi esaldi azpimarratuko nituzke: batetik “gurea akatsak dira, haiena krimenak”, Martin Villa ministro frankistarena, eta bestetik "aberats oro da lapurra edo lapurren semea/alaba", San Anbrosiorena. Amaiurren lana, Kongresuan, bi alderdi horietan oinarritu da batik bat, ez? Hau da, Euskal Herriaren aitortza aldarrikatzea eta bertan abiarazitako bake eta normalizazio prozesuari bultzada ematea, eta, bestetik, PPren kontraerreforma soziolaboralari aurre egitea.

Bai. Lehenengo esaldia patxada osoz eta barne ministroa zela bota zuen Martin Villak 1978ko Sanferminetan, Poliziak sarraskia egin zuenean. Bertan, LKIko German Rodriguez laguna hil zuten, dozena erdi pertsona balaz zaurituak izan ziren, ehunka lagun bortizki kolpatuak, Iruñea osoa hankaz gora geratu zen, jaiak bertan behera…

Baina, hori guztia, Martin Villaren iritziz, ez zen inolako krimenik izan, “akats” bat baizik. Hau lotsagabekeria eta zigorgabetasuna!

Bigarren esaldia, San Anbrosioarena, hiruzpalau aldiz bota dut Kongresuan, zeren, ateoa izan arren –“lo cortés no quita lo valiente”- oso gustuko dut. Esaldi horretatik atera behar den ondorioa hauxe da: boteretsu, dirudun eta jauntxoen interesak eta langile eta jende xumeenak ez dira soilik ezberdinak, kontrakoak baizik. Beraz, ezin da justizia soziala lortu aberastasuna banatu gabe.

Eta bi esaldi horiekin islatzen da zuk esan duzuna. Gure mezu politiko orokorra arrautza bezalakoa da: alde askatzaile eta demokratikoa badu (zuringoa), baina baita soziala ere (gorringoa), eta alde biek dute garrantzi bera. Hala eta guztiz ere, ez dezagun ahantz gorringoa dela, batez ere, arrautzari bere zapore gozoa ematen diona.

 

Zailtasunak zailtasun eta une txarrak gorabehera, esperientziak merezi izan duela diozu. Hala izan al da?

Beno, batik bat, Amaiurri bozka eman zietenek erantzun behar diote galdera horri; haiek izan baitziren Madrilera bidali gintuztenak, ezta?

Merezi izan al du bidaltze horrek haientzat? Madrilen Amaiurrekoek egin duguna haien hemen, Euskal Herrian, egiten duten lana eta borrokarako osagarria izan da?

Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko, bake eta normalizazio prozesua aurrera eramateko eta gure eskakizun, asmo eta nahi sozialak errealitate bihurtzeko baliogarria izan da?

Nire iritzia aldekoa da, baina iritzi bat da, besterik ez.

 

Sorterrira zatoz, ostiralean, liburua aurkeztera. Zer oroitzapen dituzu haurtzaroko Amurrio hartaz? Oso aldatuta ikusten al duzu herria?

Bai, Amurrio daukat sorterri. Sasiain familiaren zerrategiaren ondoko etxean jaio nintzen 1949an, eta inguru hartan egin nituen nire lehenengo zazpi urteak.

Hortik, “Crucero” auzora bizitzera pasatu nintzen baina nire koadrilako gehienak Ugarte auzokoak ziren. Horregatik, nire oroitzapen maitagarri guztiak hiru auzo horien artean ditut banatuta.

Egun, oso aldatuta ikusten dut herria. Jakina, dezente handitu egin da. Penagarria da niretzat antzinako kale eta bide asko aldatu edo desagertu izana, eta horrekin batera erdigunean zeuden etxetzar eta baserri gehienak (horien artean aitite-amamarena; okindegia zuten bertan) ere desagertu egin direla.

Beste gauza batzuk, jakina, hobekuntzak izan dira, Urrutia parkea kasu.

 

Zenbat urterekin alde egin zenuen?

Beno, joate hori ez zen bat-batekoa izan. Nik, Amurrion, “lan batxilergoa” delakoa egin nuen.

Lehenengo zikloa soilik egin ahal zen hemen, bortz urtekoa zena. Horregatik, goi mailako batxilergoa egiteko asmorik izatekotan kanpora atera behar zenuen.

Horren kausa, hamabortz urte nituelarik eta lortu nuen beka bati esker, Tarragona aldera joan nintzen, “Francisco Franco” izeneko lan unibertsitatera, bi urteko goi mailako batxilergoa egitera. Hortik, Alcalá de Henareseko “Miguel de Cervantes” zentrora pasatu nintzen Ingeniaritzako ikasketak egitera, eta beste bi urte gehiago egin nituen Alcala eta Madrilgo unibertsitateen artean.

Politikoki eta sozialki oso mugituak izan ziren urte haiek, 1966-1968 arteko aldia, bai unibertsitatean, bai Madrilgo fabrika eta auzoetan ere.

Madrilen nengoelarik erabaki inportante bat hartu nuen: Ingenieritza ikasketak egiteari utzi (bigarren kurtsoan nenbilen) eta Zuzenbidekoei ekin. Baina aldaketa horren ondorioz, urtebetez galdu nuen beka –gero berreskuratu nuen- eta etxera bueltatu egin behar izan nuen Deustuko Unibertsitatean ikasketak egiteko.

Urte horietan klasera joateko Amurriotik Bilborako joan-etorria egunero egiten nuen trenez; astun samarra benetan.

Karrera bukatu eta Arakan hamabortz hilabeteko soldaduska egin ondoren, Bilbon eta Barakaldon hasi nintzen lan egiten abokatu bulego batean, garai hartan “abogado laboralista y de orden público” zeritzona.

Alde batetik, lan arazoak, kanporaketak, grebak eta antzekoak eramaten genituen eta, bestetik, frankismoak egindako atxiloketak, epaiketak…

Behin, salbuespen egoera batean bulegoa metrailatu ziguten. Garai gogorrak ziren.

Eta 1977ko urtean, arrazoi politikoak eta lanekoak medio, Iruñea aldera joan nintzen eta han segitzen dut, erdi naparra bihurtuta dagoeneko.

 

30 urtez egon zara lanean Nafarroako Administrazioan, eta bide luzea egin duzu LAB sindikatuan. Bertatik bertara ezagutu dituzu, beraz, Nafarroa ulertzeko eta sentitzeko bi moduak. Bulegoetakoa eta “navarrista” bata, eta herritarra eta abertzalea bestea. Horrek egiten ditu hain berezi Nafarroa eta Iruñea bera?

Konplexuagoa da egoera, nire ustez. Bai, zuk diozun moduan, badaude bi Nafarroa, “navarrista” bata, “abertzalea” bestea.

Baina badago, baita ere, gizarte multzo handi bat bi izaera horien artean mugitzen dena.

Beste aldetik, beste bi Nafarroa gehiago ditugu: bata, kazike, jauntxo eta dirudunena eta, bestea, langile eta jende xumeena. Oro har, jauntxo eta navarristena Nafarroa bera dela esan dezakegu.

Beste aldean, abertzaleena eta herritar sektoreena gero eta hurbilago daude, baina oraindik ere bi Nafarroa hauek hobeki lotzeko erronka handia dugu.

Horregatik, nire ustez, bide horretatik zuzendu behar dugu gure lana: abertzaletasuna, demokrazia eta justizia eta konponbide sozialak uztartuz eta, bide horretatik, Nafarroako jendartearen gehiengoaren atxikimendua lortuz.

 

Eta non euskaldundu zinen?

Nire bizitzaren ibilbidea oso mugitua izan denez, horren araberakoa izan da, baita ere, nire euskalduntze prozesua. Etxean, ama eta amama euskaldunak ziren, bizkaitarrak, Gerra Zibilean beren herritik alde egitera behartuak, baina etxean ez zen euskaraz hitz egiten; beraz, ez genuen bertan ikasi.

Nire lehenengo hamabortz eguneko euskarazko ikastaroa Elizondon egin nuen, hogei urte nituelarik. Ondoren, badakizu, betikoa, ikasitako guztia egunerokoak jaten zizun (lanean, gatazketan... gaztelera zen beti nagusi) eta hurrengo kurtsoan galdutako guztia errekuperatzeko beste ikastaro batera joan behar izaten zenuen.

Azkenik, berrogei bat urte edo nituela, honek guztiak fundamentu handirik ez zuela esan nion neure buruari eta bultzada serio eta iraunkor bat egin ondoren EGA titulua lortu nuen.

Hortik aitzinera, bai lanean, bai mobidetan, euskarazko giro batean murgilduta egoten saiatu naiz beti eta, horrekin batera, euskara erabiltzen eta sartzen aukera dudan guztietan. Eta horrela segitzen dugu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide