Asteburu honetan ospatzen ari dira Baranbioko Andra Mari Txiki jaiak. Gaur egun handia dute, goizetik hamaika ekitaldi izango dituzte. 11:00etan, esaterako, paella txapelketa egingo dute. Osagaietan arraina eta mariskoa erabiltzeko baldintza jarri dute antolatzaileek. Sukaltzea maite ez dutenek ere izango dute, ordea, zer ikusia. Izan ere, 12:30ean harri zulatzaileen arteko erronka jokatuko da. 13:00etan paellen aurkezpenari emango diote bide, eta ondoren sari banaketari.
Herriko mexikarrak kantuan
Arratsaldetik aurrera, aldiz, kontzertuak nagusituko dira. Baranbioko mexikarrak 17:00etan jarri dute zita Garrastatxuko ermitan kantaldia eskaintzeko. Ondoren, 19:00etan, herrira jaitsiko dira kaleak girotzera. 19:30ean, berriz, herri kirolen txanda izango da. Gauerako indarrak hartzeko 22:00etan herri afaria egingo dute, 23:00etatik aurrera Gwaya eta Laiotz musika taldeekin kontzertuak izango baitituzte.