Amurrioko Udalak Studio Tecnico Obras y Arquitectura enpresari esleitu dizkio Reforreko harri-lubetan egingo diren lanen ardura teknikoak. Hortaz, horiek garatu eta zuzendu beharko dituzte egingo diren lanak. Esleipena 16.547,72 eurokoa izan da.
Obra horien helburua da Reforren dagoen belar artifizialeko futbol-zelaiako mendi-mazela egonkortzea. Mendi-mazela moztu zuten duela urte batzuk futbol-zelaia bertan kokatzeko eta harri-lubetaren gainean bidegorri bat dago. Azkenaldian mendi-mazelaren egonkortasunean arazoak topatu dituzte eta Udalak beharrezkoa ikusi du hori konpontzea. Berez, mugimendu horiek aztertzeko ikerketa egin zuten duela urtebete.
2014/2015 denboraldia
Printzipioz, lanak hurrengo udan, 2015ean, gauzatuko dira. Horregatik belarrak izandako kalteak konponduko dituzte abuztuan zehar 2014/2015 denboraldian futbol-zelaia normaltasunez erabili dezaten jokalariek.