"Tertangatik ez dugu joan nahi, oso gustura gaude"

Erredakzioa 2014ko uzt. 30a, 13:35

IDOIA URIBESALGO (Zumarraga, 1996) Tertangako errota konpontzen egon da bertan antolatutako auzolandegian. Lehen txandako kidea eta laster bigarren txanda helduko da. Aiaraldean izan duen esperientziaren inguruan mintzatu da.

 

Zenbat gazte egon zarete Tertangan eta zer egin duzue?

Hasieran 20 gazte egon behar ginen, baina azkenengo egunetan hiruk kale egin zuten, beraz azkenean 17 gazte lanean egon gara eta 4 begirale. Guztira 21.

IDOIA URIBESALGO (Zumarraga, 1996) Tertangako errota konpontzen egon da bertan antolatutako auzolandegian. Lehen txandako kidea eta laster bigarren txanda helduko da. Aiaraldean izan duen esperientziaren inguruan mintzatu da.

 

Zenbat gazte egon zarete Tertangan eta zer egin duzue?

Hasieran 20 gazte egon behar ginen, baina azkenengo egunetan hiruk kale egin zuten, beraz azkenean 17 gazte lanean egon gara eta 4 begirale. Guztira 21.

Guk izan dugu errota zahar berritzeko lana. Errotak 4 urteko proiektu bat dauka eta aurreko urtean hasi zen. Sasiak eta belar txarrak kendu zituzten eta nolabait agertu da atea eta sasien artean zegoen etxetxoa.

Aurten egokitu zaiguna izan da inguruak apur bat atondu: mahaitxo batzuk jarri -aisialdirako parkea egiteko edo- eta teilatua egitea. Bi txanda garenez gu hasi gara teilatua nolabait egituratzen. Baina bueno, guk teilak ez ditugu oraindik ipinita ikusi.

Hori egokituko zaie bigarren txandakoei, abuztuaren 1etik 16ra uste dut egongo direla lanean.

 

Nola bururatu zitzaizun proiektuan parte hartzea?

Niri kasualitatez. Egun batean klasean nengoela irakasle batek esan zidan auzolandegi berri batzuk zeudela eta uda modu dibertigarrian, atzerritarrekin ere harremanak izateko aukera zela.

Deitzeko esan zidaten eta zerrendak itxi baino bi ordu lehenago izena eman nuen. Nirea zorte kontua izan da. Pertsona pilo zeuden Euskal Herrian prest auzolandegian egoteko, 3.000 edo eta 700 leku bakarrik. Eta 700 horietatik beste hautaketa egin da 300 inguru aukeratu dituztelarik.

Zozketan ni atera nintzen zorte handiz.

 

Prestatu zarete lanean aritzeko?

Ez, hemen egon gara gehienbat ingurua atontzen eta horretarako sasiak kendu, erreka bideratu, harriak kendu ditugu... eta norberaren gaitasunen arabera banatu da. Ahulagoa dena aitzurra hartu ordez errekara joan da harriak mugitzera. Trebezia gehiago zuenak palarekin ibili da lupetza kenduz.

Bakoitzak badaki zeintzuk diren bere mugak eta zer egin dezakeen eta zer ez.

 

Nondik hurbildu zarete Tertangara? Ondo moldatu zarete?

Etorri gara bi Sevillatik, Cadizetik beste bat, Galiziako bi, Zaragozatik bat, Guadalajaratik bi, madrildar bat ere badago eta bost euskaldun.

Harrituta gelditu naiz eta ni bezala gainontzeko guztiak ere, txundituta geratu gara guztiok. Nik 18 urte ditut eta nire lehenengo esperientzia da auzolandegietan baina hemen daudenek ni baino esperientzia gehiago dute eta guztiok ondorio berara heldu gara; ez daude talde txikirik, betidanik lagunak izango bagina bezala gaude, oso harreman osasuntsua, lan egiteko gogoak, ondo pasatzeko grina... Oso ondo, oso jende jatorra.

 

Orduan gogoko izan duzu esperientzia, ezta?

Gogoko bakarrik ez. Aurreko egunean deitu genuen eta eskatu genuen mesedez norbaitek kale eginez gero bigarren txandan gu deitzeko. Ez dugu joan nahi eta. Oso gustura gaude.

Neska batek eta biok deitu genuen eta esan ziguten printzipioz ez dagoela tokirik, baina egongo balitz...

 

Zein izango dira etorkizunean esperientzia honen inguruan izango dituzun oroimenak?

Badakit ezin dela alderatu, baina zaharrek beti esaten digute ez dugula ezer kontatzeko. Gure aiton-amonek guda zibila bizi zuten eta guk zer kontatuko dugu, eskolan egon ginela? Ez da gauza berdina baina hemen gauza asko gertatu zaizkigu eta oso bitxiak eta baten batek esan du: “hau nire bilobei kontatuko diet”.

Harreman ona izan dugu, nahiz eta kultura eta pentsatzeko modu ezberdinak eduki ondo ulertu gara, Batzuetan hizkuntza traba izan da, guk daukagulako ohitura euskaraz egiteko eta gure lehenengo bultzada da euskaraz egitea.

Baina besteekin bizitzerakoan konturatu behar zara denak ez direla zu bezalakoak eta nahiz eta zuk euskaraz egin beste batzuek ez dizutela ulertzen.

Gure taldean egon da mutil bat down sindromea duena eta ikasi dugu zeintzuk diren bere mugak eta beharrak eta nola tratatu behar dugun.

Lanaren inguruan ere asko ikasi dugu. Etorri nintzenean uste nuen goiz eta egun egon behar ginela lanean jo ta ke. Eta etorri naiz eta ikusi dut ez dela horrela. Pazientziaz gauzak egin behar direla baina ez gehiegi eta ez une oro. Azkenean esaten duten bezala “azkar eta ondo usoak hegan”.

Herenegun gizon bat erori zen, tentsio uneak izan genituen, baina ondo pasa genuen, badakigu zenbait egoerei nola egin aurre. Elkarbizitza nolakoa den ikasten duzu, finean.

 

Hemen egon eta gero zer iruditu zaizu Aiaraldea?

Oso ona eta oso naturala. Ni gipuzkoarra naiz eta Zumarraga zuloa da; mendiz inguraturik. Ni ia mendian bizi naiz eta gustatzen zait goizean altxatzea eta tontor batera igotzea. Hemen etxean egon izan banintz sentitu naiz, dena mendiz inguratuta dago baina lautadak ere badaude paisaiaz disfrutatzeko.

Gauean atera zaitezke eta izarrak ikusi kutsadurarik gabe, jende oso jatorra, inguru ezberdinak, oso berezia, hemengo mendiek beti daude gauez lainotuta eta Urduñako Amak beti dauka argi bat inguruan... misterio kutsu garrantzitsua ematen dio horrek. Gauak magikoak egiten ditu horrek.

Nik errepikatuko nuke eta gonbidatuko nuke edonor.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide