EH Bilduk Amurrioko udalaren jai eredua gogorki kritikatu du. Koalizioak egitaraua bozkatu ondoren egin du irakurketa eta bozketan abstenitu egin da, egitarauaren sortze prozesuan parte hartu duten herriko eragile eta pertsonen lan desinteresatuari errespetua adierazteko.
EH Bilduren aburuz, aurrekontuari dagokionez, aurreko urteko gastua mantendu egin da, jai egun bat murriztu den arren. Jaiak finantziatzeko erabiliko diren 150.000 euroetatik zezenketetara 2.000 euro gehiago bideratu dira, guztira 26.000 euro, eta kirol, kultura, hirugarren adina eta umeekin lotutako ekintzetan soilik 24.000 euro erabili izanak leporatzen dio koalizioak udalari.
Aurrekontua alde batera utzita, EH Bilduk udalari ekintzak koordinatzeko ahaleginik egin ez izanak aurpegiratu dio, koalizioaren ustetan, publiko berari zuzenduta dauden zenbait ekintza gainjarri egiten dira eta.
Azkenik, jai batzordearen funtzionamendua bera zalantzan jarri du EH Bilduk. Zehaztu dutenez, ez dago funtzionamendu-araudirik, gaiak batzorde buruari komeni zaionaren arabera bozkatzen dira eta ez dago zehaztuta organo hori parte-hartzailea, kontsultarako edo loteslea den.