Alicia Ruiz de Infantek, Herrilanetako foru-diputatuak, agerraldia egin du Arabako Biltzar Nagusietan, Saratxoko proiektuari buruz hitz egiteko. Horren harira, bada, Amurrioko Udalak ibilbidea aldatzeko egindako proposamena zergatik ez duten onartu azaldu du, eta lanak kontratatzeko espedientea aurten abiarazteko asmoa dutela zehaztu du.
Haren hitzetan, “Amurrioko sarbidea, Saratxo eta industrialdeak konektatzeko egingo den lotunea Araban orain arte egin den txikiena izango da. Lurzoru gutxi hartuko du, eta eragin txiki-txikia izango du ingurumenean”.
Amurrioko Udalak, bestalde, Kalzadako eta Tubacex industrialdeak lotzeko aukera azter zezala eskatu zion Aldundiari, eta horren gainean, zera erantzun du Ruiz de Infantek: proposamen hori atzera bota dutela, hain zuzen, oso garestia zelako, eta gauzatu ahal izateko pasabidea egin beharko litzatekeelako trenbidearen azpitik, eta malda handiarekin, gainera. Aldundia, hortaz, ez dago prest industrialdeetako sarbideetan egin nahi diren lanak Saratxoko saihesbidearen proiektuaren barruan sartzeko.
Saratxo bizirik plataformako kideek adierazi digute egunotan kaleratuko dutela prentsa-oharra, Arabako Foru Aldundiak emandako azalpenen gainean zer iritzi duten azaltzeko.