EH Bilduk aurretiko eztabaidarik gabe herriko anbulatorio berriaren kokapena iragarri izana aurpegiratu dio Udalari. Koalizioak azpimarratu duenez herritarrak dira alde batzuk eta besteak eztabaidatu behar dituztenak eta ez Osasun Sailak eta EAJk. Gainera, Udalak ez duela inongo udal-organoan erabakirik hartu salatu du alderdi abertzaleak.
“Urrezko aukera galtzen ari dira amurriarrek anbulatorio berria non kokatu nahiago duten esan dezaten. Baina horretarako, jakina, alternatiba-ikerketa eta aurretiko eztabaida ezinbestekoak dira. Honek EAJ izutzen duela, egintza burutuen politika nahiago duela ematen du”, salatu du Mariano Álava bozeramaileak. Izan ere, EH Bilduren ustez EAJk “berriro ere frogatu du hainbestetan aipatutako herritarren parte-hartzea udal-kanpainako eslogana besterik ez dela”.
Bestalde, koalizioak anbulatorio berriaren kokapenaren alde txarrak eta onak eztabaidatzeko denbora egon dela adierazi du eta EAJk ezin duela “betiko presekin jokatu”, azpimarratu du.
Orain dela aste batzuk Josune Irabien alkateak iragarri zuenez, anbulatorioa Urrutia Parkean dagoen Azkarraga baserri zaharraren lur-eremuan kokatuko da. Berriak 1200 metro izango dituela, baina ez direla espezialitate berririk egongo esan zuen.