"Gaztetxea edozeini zabalik egongo den espazio aske, autogestionatu eta parekide bat izatea nahi dugu"

IRATXE GRANADO OLABE (Amurrio, 1993) Amurrioko Gaztea Asanbladako kidea da. Gaur aurkeztuko dute Amurrioko Gaztetxea, San Joseko kuartel zaharrean kokatuta egongo da. Prozesua nolakoa izan den eta zein helburu dituzten azaldu ditu.

Gazte Asanbladaren aspaldiko eskaera lortu duzue...Nolakoa izan da prozesua?

IRATXE GRANADO OLABE (Amurrio, 1993) Amurrioko Gaztea Asanbladako kidea da. Gaur aurkeztuko dute Amurrioko Gaztetxea, San Joseko kuartel zaharrean kokatuta egongo da. Prozesua nolakoa izan den eta zein helburu dituzten azaldu ditu.

Gazte Asanbladaren aspaldiko eskaera lortu duzue...Nolakoa izan da prozesua?

Luzea da izan dugun ibilbide osoa, izan ere, gazte asanbladak 7 urte luze daramatza herrian gaztetxe bat lortzeko borrokan. Duela 3 urte inguru gazte asanbladan udaletxeari aurkezteko proiektu bat gauzatu genuen (herriko gazteriaren egoeraren analisia, lokal posibleak...). Baina, udaletxearen jarrera eta erantzunik ez zegoela ikusita, okupazio bat burutzea erabaki genuen; Landazuri etxea hain zuzen ere.

Etxean sartu bezain laster etxea desalojatu eta bertan zeuden 9 gazteak inputatuak izan ziren, isun nurrigabeak ordainarazi nahi dizkietelarik. Hala ere, hau ez zen honela geratu, Gazte asanblada inoiz baino indar, gogo eta babes gehiagorekin atera zen, okupazio uholde bat abiatuz (Matias Landaburu eta Landazuri berriro okupatuz).

 Borroka horren guztiaren ondorio eta fruitu izan da udalarekin harremana berreskuratu eta beraien partetik egindako proposamena, hau da, San Joseko kuartel zaharreko hainbat gelaren erabilpena uztea.

 

Non egongo da kokatuta gaztetxea? Zein ordutegi izango du?

Gaztetxea Amurrioko San Jose auzoan kokatuta dago, aintzinean kuartela izandako eraikinean. Gaur egun hainbat eragilek erabiltzen dute, eta gaztetxea eraikin horretako zati bat izango da.Ordutegia proiektuan jasota dagoen arren, auzokideekin eta udaletxearekin eztabaidatzeke dago oraindik.

 

Nolako ekintzak egingo dituzue bertan?

Buruan hainbat ideia ditugun arren (oiakukutz gazte proiektuan ere jasota daudenak: hitzaldiak, tailerrak, zinema, kontzertuak, ikastaroak...) hemendik aurrera egongo diren asanbladetan erabakiko da. Kudeaketa gaztetxe asanbladak egingo luke, gazte asanbladaz gain, eraikineko eragile guztiek parte hartzeko aukera izango dutelarik.

 

Herritarren artean zelako harrera izan du proiektuak?

Jada hainbat bilera egin ditugu auzokideekin, eta orain arte nahiko ideia abstraktua izan den arren, oso harrera positiboa jaso dugu. Bertan geure proposamena helarazi eta haien proposamen ugari jaso ditugu.

Gainera, inoiz baino gazte gehiago ari gara asanbladetan parte hartzen, eta gogo handiak eta idei berriak jasotzen.

 

Zeren espazio nahi duzue izatea gaztetxea?

Gazte, eragile, zein edozein norbanakori zabalik egongo den espazio aske, autogestionatu eta parekide bat izatea nahi dugu. Bertatik eragile ezberdinen sorrera eta elkarlana, euskara eta euskal kultura sustatzeko erabili nahi delarik.

 

Aurrera begira baduzue ekintzarik buruan?

Lehenengo ekintza ostiral honetan burutuko dugu: 17.00etan asanblada orokorra eta ostean musika luntxa eta sorpresa gehiago izango ditugu.

Esan dezakegu urtean zehar ekintza finkoak baditugula (gazte eguna, gaztetxearen aldeko jaia.. esaterako), baina hemendik aurrera gaztetxean ere hainbat jarduera izango dira, beraz adi egon eta parte hartu!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide