Datorren larunbatean, hilak 5, Amurrioko jai herrikoien aldeko batzordeak Kuskumendira irteera prestatu du jaien aurreko ospakizun gisa eta bere jai eredua aldarrikatzeko.
Martxa Amurrioko enparantzatik irtengo da goizeko 9:30ean eta Goikomendi-Kuskumendiko parkera abiatuko da Mariakako bidetik. Kuskumendira heltzerakoan, antolakuntzak hamaiketako bat prestatuta izango du partaide guztientzat eta, horren ostean, partaide guztien arteko jai herrikoien aldeko argazkia aterako da.
Itzulera 12:30etarako finkatuta badago ere, martxaren erritmoak berak zehaztuko du itzultzeko ordua.
Parte hartu nahi duten pertsona guztiek aldez aurretik Txokogorri eta Fano tabernetan izena emateko aukera izango dute. Hala ere, epea ez da mugatua izango eta, nahi duena, egunean bertan Amurrioko enparantzan apuntatu ahal izango da goizeko 09:00etatik aurrera.
Inskripzioa 6€koa izango da eta parte hartzen duen pertsona orori jai herrikoien aldeko kamiseta banatuko zaio.
Irteeraren berri emateko, Amurrioko jai herrikoien aldeko batzordeak bideoa eskegi du sare sozialetan.