Amurrioko Udalak jakinarazi du Cerrajeria bideko konponketa lanak laster hasiko direla. Tokiko enpresa batek egingo ditu. “Enpresa horrek urak biltzeko, bidea trinkotzeko eta asfaltatzeko lanak egingo ditu uda honetan” azaldu du prentsa oharrean udalak.
Cerrajeria bidea hilerriaren eta Cerrajeria kalearen artean doan bidea da eta herritarrek aspaldi eskatu zuten bere egoera hobetzea: “Auzokoek erreka bihurtuta ikusten zuten bidea, euria gogor egiten zuenean. Urak arrastatu egiten zuen bidea eraikitzeko erabilitako materiala; hala, etengabe zegoen zuloz beteta.”
40.000 euro inguru erabiliko dira konponketak egiteko. Hala ere “asmoa da kalteak konpontzen eta hobetu beharrekoak egiten joatea, ahalbideen arabera, aurreikusitako beste partida batzuetako soberakinekin, diru-laguntzetatik etorritakoekin edo partaidetza arlotik etorritakoekin” adierazi dute Udal Gobernu Taldeko ordezkariek.