Anbulatorio berria oraingoa baino bi aldiz handiagoa izango da

Txabi Alvarado Bañares 2014ko eka. 27a, 10:20

Eusko Jaurlaritzak Amurrion eraiki nahi duen anbulatorio berriaren inguruko hainbat xehetasun jakinarazi ditu Josune Irabienek, Radio Llodion egindako adierazpenetan.

Eusko Jaurlaritzak Amurrion eraiki nahi duen anbulatorio berriaren inguruko hainbat xehetasun jakinarazi ditu Josune Irabienek, Radio Llodion egindako adierazpenetan.

Anbulatorioa Urrutia Parkean dagoen Azkarraga baserri zaharraren lur-eremuan kokatuko da. Irabienek adierazi du hiru zirela anbulatorioaren balizko kokaleku gisa planteatzen ziren tokiak: anbulatorio zaharraren ingurua, Landako kalea eta azkenik kokaleku gisa hautatu dena. Azkarraga baserriaren eremua “gertutasun irizpideak” kontuan hartuta hautatu da, alkatearen hitzetan. Lur-eremu hori Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarena da, eta orain Osasun Sailera igaro behar da jabetza. Jabetza departamentu batetik bestera igarotzearen prozesuak “denbora” beharko duela azaldu du Irabienek, eta urte bukaerarako albiste gehiago egotea espero duela gaineratu du.

Bere garaian Etxebizitza Departamentuak Azkarraga baserriaren lur-eremuan gazteentzako etxebizitzak egiteko asmoa zuen, baina krisiagatik asmo horiek bertan behera geratu ziren.

Oraingoaren bikoitza

Irabienek aurreratu du anbulatorio berriak 1200 metro karratu izango dituela, solairu bakarrean. Oraingo anbulatorioak 600 metro karratu ditu, berriak izango lituzkeenaren erdia. Espazio faltagatik hainbat modulu gehitu zizkioten eraikinari 2008an.

Hala ere, eraikin berrian ez dago, printzipioz, espezialitate berririk sartzeko asmorik. Gaur egungo anbulatorioan dauden berdinak egongo lirateke, beraz: medikuntza orokorra, pediatria, erizaintza eta emagina.

Osasun Sailak 330.000 euro erreserbatu ditu aurtengo aurrekontuetan proiektua aurrera eramateko.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide