"Futbol jokalaria zarenean oso erraza da dena"

Erredakzioa 2014ko eka. 23a, 11:54

IÑAKI BEA (Amurrio, 1978) futbol jokalari profesionala izan da hainbat taldetan eta orain Levante klubaren bigarren entrenatzailea izango da Jose Luis Mendilibarren eskutik. Horren eta bere ibilbidearen inguruan mintzatu da.

Nola jaso duzu Levante futbol taldean bigarren entrenatzaile gisa aritzeko eskaintza?

IÑAKI BEA (Amurrio, 1978) futbol jokalari profesionala izan da hainbat taldetan eta orain Levante klubaren bigarren entrenatzailea izango da Jose Luis Mendilibarren eskutik. Horren eta bere ibilbidearen inguruan mintzatu da.

Nola jaso duzu Levante futbol taldean bigarren entrenatzaile gisa aritzeko eskaintza?

Ilusio handia egin dit. Egia esanda Mendilibarrekin gutxitan hitz egin dut Valladoliden ez nuela jarraituko komunikatu zidanetik, beraz, ez nuen espero. Bi edo hiru alditan hitz egin dut berarekin baina aukera izan dudanean Italian edo edo Holandan ikusi dut.

Ez dugu zertan telefonoaren bitartez hitz egin behar jakiteko estimu handitan daukagula gure harremana.

Betidanik bat egin dut Mendilibarrek lan egiteko daukan metodologiarekin. Berarekin lehenengo denboraldian 40 partida jokatu nituen, hurrengoan 7 eta hirugarrenean 20. Eta nahiz eta ez jokatu berak aintzat hartu izan izan du beti lan egiteko prest egon naizela.

Nire ardura beti izan da kolektiboaren interesa, nirea baino. Mendilibarrek Levanteren eskaintza jaso zuen oso azkar, printzipioz Caparrosekin jarraitu behar zutela ematen zuen eta.

Levantera heltzear azaldu du ez duela bigarren entrenatzailerik eta klubak erantzun zion berak proposatzeko bat. Mendilibarren prestatzaile fisikoak ni proposatu zuen, talde teknikoaren eta jokalarien arteko zubia izan naiteke eta.

Deitu zidanean esan nion “Mendi, ni zurekin Levantera, Bagdadera edo Oriehuelara joango nintzateke.” Ez levante delako, baizik eta Mendilibarrekin edonora joango nintzatekeelako.

Gainera jokalarien ordezkari lanetan nengoen eta futbolaren negozioa ez dut oso gogoko, nahiago dut kirolaren esparrua. “Bussiness” baino, nahiago dut “sport”. Oso erabaki erraza izan da.

 

Orain Levanten lan egingo duzu, baina hainbat lekutan egon zara.

Futbolaren munduan esaten dute zure ibilbide profesionala bukatzen denean bakarrik geratzen dela dirua eta egindako lagunak. Nik uste dut ikuspegi zabalagoa izan behar dugula.

Egia da zorte handia izan dudala. Amurrion nengoenean Ciudad de Murciara joateko aukera izan nuen, gero Lorcara, beti izan dut zorte ona eta talde onak aukeratu ditut, beti lortzen genuen maila igoera eta.

Entrenatzaile oso onak izatea lortu nuen: Unai Emery, Alberto -Alaves taldearen entrenatzailea- , Mendilibar... Saiatu naiz ahal nuen guztia ematea jendeak esan dezan kide ona nintzela eta kolektiboari lehentasuna ematen niola.

Ciudad de Murcian nire bizitzan sinatutako kontraturik onena izan nuen. Alde ekonomikotik oso ona eta hiru urteko iraupena zuen. Baina dena oso txarto atera zen. Denboraldi erdian galdetu nion nire buruari zeren bila nengoen: dirua irabaztea edo gustuko dudana egitea.

Diru asko irabazten nuen baina etxera heltzear amorratuta nengoen ez nengoelako entrenatzailearen eta klubaren filosofiarekin ados.

Beraz Insbruckera joan nintzen. Eta ez diruagatik, ez bainuen gehiegi kobratzen. Baina nik atzerrira joatea eta hizkuntza berria ikastea nahi nuen. Eta erronka berriei aurre egitea.

Futbol jokalaria zarenean oso erraza da dena. Nik erronkak nahi nituen.

Azerbaian edo Errumaniara joateko aukerak izan nituen baina Austriara joan nintzen. Igoera lortu berri zuen taldeak eta historia handiko kluba zen. Oso pozik egon nintzen bi urtez eta joan nintzenean bazegoen pankarta bat esaten zuena: “Mila esker Iñaki”. Hori ez da dirua, baina gehiago markatzen zaitu.

Diruaren kontuak ez nau obsesionatzen zentzu horretan.

 

Zure ustez zergatik izan zenuen harrera on hori?

Joaten zaren lekura egokitu behar zara. Joan naizen lekuetara zaitu naiz egokitzen eta beharrezkoa da errespetatzea. Agian ez zaude ados haien ikuspegiarekin baina ezin duzu ezer inposatu.

Austriara heldu nintzenean kultura eta hizkuntza berriari aurre egin nion. Eta bertan 19:30ean afaltzen bada nire asmoa ezin daiteke izan besteek 21:00etan afaltzea.

Berehala egokitu nintzen eta alemaniarrez nahiko azkar hasi nintzen hitz egiten. Horri esker espainiar ligan ikasitakoa ekarpen gisa utzi nuen Austriako ligan. Eta horri esker kideekin azkar konektatu nuen.

Nire jokatzeko modua dela eta berehala konektatu dut zaleekin. Oso talentu gutxiko jokalaria naiz baina asko lan egin dut. Eta gauzak ondo joaten direnean jende orok gogoko du jokalari adimentsua, baina, epe luzean, zale guztiek estimatzen dute lana.

 

Zeintzuk izan dira zure lorpen garrantzitsuenak?

Kirolaren esparruan gogoratzen dut 2003. urtean joan nintzela talde txiki batetik -Amurrio-, profesionala ez zena, talde profesional batera -oraingo Granadako lehendakariaren eskutik- eta igoera lortu genuela.

Niretzat horrek dimentsio berria suposatu zuen: profesional mailan aritzea, goizez entrenatzea, hedabideen arreta...

Lorcako urteak ere oso modu gozoan gogoratzen ditut. Urte onak izan ziren eta talde txikia zen. Hori bai, talde enpresarial batek babesten zuen taldea. Krisia heldu baino lehen izan zen, bestela hori ezinezkoa da.

Hori bai, gusturago egon naizen lekua Valladolid izan da. Talde oso ona osatu genuen, lehen mailara igo ginen eta maila horretan jokatu nuen eta horretaz gain lagun asko egin nituen. Eta lagunen eta diruaren artean nik lagunak aukeratzen ditut.

Aldaketa handiena Murcian jokatzea izan zen eta igoerak lortzea. Jendea gure zain egotea, iturrian sartzea... ni Amurriotik joan eta gaztea nintzen.

Baina Valladoliden bizitzakoa zoragarria izan da. Igoera lortu genuenean jendearen negarrak ikustea...

 

Nolakoa da lehenengo mailan jokatzea?

Nik ez diot inoiz nire aitari maite dudala. Oso hotzak gara zentzu horretan. Baina nire aitari galdetzen badiozu non jokatu dudan, ziurrenik ez du jakingo ezta bi taldeen izenak. Ez da inoiz kontu horietan sartu. Eta hori oso eskertzekoa da. Etxean ez naute inoiz sakatu lehen mailan jokatzeko.

Niretzat polita izan da. Camp Noun edo Real Madileko zelaian jokatu dut, San Mamesen ere... ez nautenez sakatu naturaltasun osoz bizi izan dut. Messirekin aurka jokatu dut baina ez diot garrantzirik ematen. Idolo bat izan beharko litzateke laguntzen zaituen pertsona bat.
Futbolaren mundua neurririk gabeko dimentsioak ditu. Badirudi dena oso polita.

Lehen maila nik ondo bizi izan nuen, baina inoiz ez dut protagonista izateko asmorik. Hasteko ez zen nire ametsa. Nire ametsa zen kirola egitea, ondo pasatzea, kideak laguntzea...

Ez dut gogoratzen Bartzelonaren aurka jokatu nuen data. Oso normala eta naturala izan zen niretzat eta uste dut garrantzitsua izan zela etxean izandako jarrera eta asko lagundu zuela nire aitaren jarrerak. Eta gaur umeekin, gurasoekin... arazo larria daukagu. Pena handia ematen dit gaur egun futbol zelaietan ikusten dudana, Gurasoak umeen atzean daude umeak sakatzen. Haurrei galdetu behar zaiena ez da zenbat gol sartu dituen baizik eta ondo pasa duen edo ez.

 

Oihartzun handia izan du zuk egindako sare sozialen erabilerak ere. Zure iritziak zabaldu dituzu eta egiten zenituen gauzak ere -parrandan ibili, adibidez-.

Bai, niri ezin didate leporatu profesionala ez izatea. Nire dieta beti zaindu dut, adibidez, eta oso profesionala izan naiz. Hori gabe ez nintzatekeen inora helduko. Jokalari gisa ez nintzen talentu handikoa, oso normala nintzen eta.

Jokalari gehienak normalak gara. Lehen mailara heltzen da jarraikortasunez lan egiten duena, zortea duena, lan egiten duena eta zintzoa eta apala dena.

Hortaz, jokalari bat zergatik ez da aterako garagardo batzuk edatera? Normalizatu behar da. Garai batean Austrian nengoen jokatzen, espainiar ligan bizi den presiorik gabe eta erabaki nuen horren berri ematea. Futbolaria jendearekin nahastu behar da. Orain ez ditut sare sozialak erabiltzen. Ez didate interesik pizten. Bizitzan eboluzioa izan behar duzu eta orain ez ditut gogoko.

Ez diot garrantzirik ematen baina bai, oso ospetsua egin nintzen. Trend Topic izan nintzen, Iñakik garagardo asko hartu zituen... baina lagun batekin hartu nituen garagardoak eta nire laguna izaten jarraitzen du, egunero hitz egiten dugu skype bidez, oso ondo pasatzen dugu eta Insbruckera joaten naizenean bere etxean lo egiten dut. Eta hori da garrantzitsua.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide