Edateko uraren eta estolderia zerbitzuaren gaineko tasak igotzea onartu dute

Txabi Alvarado Bañares 2014ko eka. 9a, 09:17

Edateko uraren hornikuntza-zerbitzuaren eta estolderia-zerbitzuaren gaineko tasak igotzea onartu zen iragan ostegunean Amurrioko Udal-osoko bilkuran. Udal-gobernuak aurreratu zuenez, igoera euro batekoa izango da hileko etxeen esparruan edateko uraren hornikuntzaren kasuan. Estolderia-zerbitzuagatiko tasaren igoera, berriz, hilero 0.65 euro gehiago ordaintzea ekarriko du, udal-gobernuaren hitzetan.

Edateko uraren hornikuntza-zerbitzuaren eta estolderia-zerbitzuaren gaineko tasak igotzea onartu zen iragan ostegunean Amurrioko Udal-osoko bilkuran. Udal-gobernuak aurreratu zuenez, igoera euro batekoa izango da hileko etxeen esparruan edateko uraren hornikuntzaren kasuan. Estolderia-zerbitzuagatiko tasaren igoera, berriz, hilero 0.65 euro gehiago ordaintzea ekarriko du, udal-gobernuaren hitzetan.

Gobernu taldeak bi arrazoi baliatu zituen igoera arrazoitzeko. Alde batetik, Europako zuzentarauak 2015rako uren gaineko zerbitzuak defizitarioak ez izatea eskatzen du. Udal-gobernuaren hitzetan, Amurrion eskaintzen den zerbitzuaren kostua hiritarrek tasen bide ordaintzen dutena baino ia %50 gehiago da. Igoera graduala izango dela ere gaineratu zuten EAJko gobernu taldetik. Hala, datozen urtetan zehar antzeko igoera gehiago egingo direla aurreratu zuten, Europako zuzentarauaren betekizuna “2018. urtearen amaierarako betetzen laguntzeko”.


PPk aurka, PSE-EEk eta Bilduk abstentzioa

Igoera biak EAJren aldeko bozekin onartu ziren arren, proposamenak ez zuen gainontzeko alderdien adostasuna lortu. PP-ko bozeramaileek igotzearen aurka bozkatu zuten, igoerak beti irizpide berdinen bidez egin beharko liratekeela argudiatuz. “Urte batzuetan ezer igo gabe gabiltza, eta gero urte batetik bestera ehuneko altu bat igotzen dugu”, adierazi zuen Alderdi Popularreko zinegotzi den Monserrat Canivek. Bere hitzetan, proposatzen den igoera %50koa baino gehiagokoa da kasu batzuetan. Ehunekoez hitz egitea oso “tranpatia” zela erantzun zioten EAJtik, ehunekoak altuak izan arren igotzen diren kopuruak txikiak direlako.  

PSE-EE eta Bildu, euren aldetik, abstenitu egin ziren. PSE-EEeko zinegotzi Irene Novalesek adierazi zuen ura igotzearen alde zegoela, baina igoerak “familia askori min” egingo ziela gaineratu zuen, eta errenta baxuenentzako abantailak ezartzea bota zuen faltan. Bildutik, berriz, adierazi zuten zerbitzu publikoak ez dutela zertan errentagarriak izan, eta onartutako igoera “zerbitzu publikoen aurka ematen ari diren erasoekin” lotu zuten.

Zinegotzi berriak

Uraren igoera onartzeaz gain, PSE eta PPren zinegotzi berriei ongietorria egin zitzaien Udalbatzan. Irene Novalesek Roberto Gonzalez ordezkatu zuen PSEren aulkian. Jerome Jarrisek, aldiz, Santiago Abascal ordezkatu zuen PP-n.

Hortaz gain, Jon Toquero Albizua EAJko zinegotziaren azken Udalbatza izan zen, jubilatua dagoenez kargutik ere erretiratzea erabaki duelako.



 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide