"Emakumezkoak hedabidetan agertu gara txapelketak irabazi ditugulako"

Aitor Aspuru Saez 2014ko mai. 13a, 10:00

ELI PINEDO (Amurrio, 1981) Bera Bera taldearekin hiru txapelketa irabaztea lortu du berriro. Larunbatean eskuratu zuen taldeak txapelketa eta gainera berak egindako lana goraipatu dute hedabideek. Horren inguruan eta bere bizitza profesionalaren inguruan mintzatu da.

Bigarren aldiz jarraian liga txapelketa eskuratzea lortu duzue.

Bai, larunbatean lortu genuen. Urte gogorra izan da baina helburua bete dugu. Partida berez 10 gol baino gehiagoko abantailarekin bukatu genuen baina atsedenaldian berdinduta zegoen partida.

ELI PINEDO (Amurrio, 1981) Bera Bera taldearekin hiru txapelketa irabaztea lortu du berriro. Larunbatean eskuratu zuen taldeak txapelketa eta gainera berak egindako lana goraipatu dute hedabideek. Horren inguruan eta bere bizitza profesionalaren inguruan mintzatu da.

Bigarren aldiz jarraian liga txapelketa eskuratzea lortu duzue.

Bai, larunbatean lortu genuen. Urte gogorra izan da baina helburua bete dugu. Partida berez 10 gol baino gehiagoko abantailarekin bukatu genuen baina atsedenaldian berdinduta zegoen partida.

Lehen zatian nahiko urduri ibili ginen. Agian irabazteko gogo gehiegi genituen eta pazientzia gehiago izan behar genukeen. Bigarren zatian defentsan hobeto ibili ginen.

 

Partidaren inguruan egindako kronikek zure lana goraipatu dute.

Borrokatzeko momentutan beti egon ohi naiz hor. Beteranoa nahiz dagoeneko taldean eta nire esperientziagatik edo ez dakit zergatik zehazki saiatzen naiz beti taldea laguntzen.

Larunbatean ondo atera zen guztia, 11 gol uste dut sartu nituela eta pozik nago.

 

Jarraitzaile ugari hurbildu ziren partida ikustera, ezta?

Kiroldegian giroa izugarria izan zen larunbatean. Bete zen eta zoragarria izan zen. Ikustekoa. Gero afaria egin genuen gure peñarekin. Klubeko afaria izan zen ospatzeko eta gero parranda pixka bat egin genuen. Bueno, pixka bat edo dexente (barreak).

 

Ez da aurtengo denboraldian lortzen duzuen txapelketa bakarra.

Hiru txapelketa irabazi dugu, Kopa, Liga eta Superkopa. Pasa den denboraldian bezala, errepikatu dugu eta oso pozik gaude.

Urte askotako lan onaren emaitza dela uste dut. Oso zaila da urtero taldea mantentzea krisia dela eta diru-laguntza gutxi ditugu eta niretzat meritu ikaragarria da taldea horrela mantentzea. Eta gainera txapelketak irabazten.

 

Duela urte batzuk atzerrian egon zinen jolasten eta agian emaitzak ez ziren izan espero zenuen bezain onak, baina azken urte hauetan sekulako arrakasta izan duzu. Nola baloratzen duzu ibilbidea?

Batzuetan irabazten duzu eta beste batzuetan ikasten duzu. Nik Danimarkan ez nuen txapelketarik irabazi baina asko ikasi nuen eta esperientzia polita izan zen.

Eskubaloian emakumezko eskubaloiaren esparruan munduko ligarik onenean aritu nintzen. Hori bai, azkenean etxera itzultzeko gogoak nituen senide eta lagunekin egoteko, eskubaloiaz gain beste gauzetaz gozatzeko.

Orain hemen nago, txapelketak irabazteko aukerarekin gainera. Bera Bera Kluba nire etxea izango balitz bezala sentitzen dut.

Kirola horrelakoa da. Momentu hauetan daukadan adinarekin oso gustura sentitzen naiz eta espero dut horrela jarraitzea.

 

Etorkizunean zeintzuk dira erronkak?

Apur bat ildo beretik jarraitzea. Maila onean gaude eta horrela jarraitu nahi dugu. Nik beste urte baterako daukat kontratua Bera Beran eta hemen jarraitu nahi dut eta txapelketak irabazi.

 

Zer nolako ahaleginak suposatzen du kirolari profesionala izateak?

Egunero entrenatzen dugu eta astean behin goizez eta arratsaldez. Eta partida bat daukagu astero, bat etxean eta hurrengo kanpoan. Bidaia pilo ditugu eta asteburutan orokorrean kanpoan zaude, ordu ugari eman behar dituzu autobusean eta sakrifikatua da baina beti esaten dut pribilegiatuta naizela. Gustatzen zaidana eskubaloia da eta nire bizitza eskubaloia da.

 

Jardunaldi bat geratzen zaizue oraindik jokatzeke, eta gero?

Maiatzean entrenatzen jarraituko dugu eta ekainean selekzioarekin Europarako sailkapena jokatu behar dugu. Beste bi partida, hain zuzen ere.

Eta ekainaren erdialdean oporrak ditugu. Baina nire oporretan beti egin behar dut lan, fisikoki asko ez galtzeko. Eta abuztuan berriro hasiko dugu denboraldi berria.

 

Hainbeste txapelketa lortu ostean ohitu zara?

Ez nago ohituta. Txapelketa bakoitza irabazteak asko kostatzen du. Inor ez da ohitzen horretara. Baina pozik nago, ikusten dut urte luzetan egindako lanak saria daukala eta hemen gaudela emakume kirolariak borrokatzeko eta egin behar diren gauzak egiteko.

Txapelketa bakoitza ezberdina da baina beti dut ilusioa. Ilusioa beharrezkoa da hurrengo denboraldia indarrez hasteko.

Joko olinpikoetan lortutako brontzezko domina agian bereziena izan da baina Bera Beran txapelketak irabazte oso berezia bada ere. Klub hau betidanik sentitu izan dut eta familia txikia gara eta badakigu zer zaila den mantentzea. Horregatik oso berezia da txapelketak irabaztea Donostin.

 

Emakumezkoen kirola aipatu duzu. Gehienetan gizonezkoen kirolak askoz arreta gehiago erakartzen du, baina zuek dinamika hori apurtu duzue, pozik?

Bai, baina agertu gara hedabidetan txapelketak irabazi ditugulako, bestela inork ez luke jakingo nor den Bera Bera edo Eli Pinedo.

Eta hori oso zaila da urtero egitea. Gure klubak oso diru gutxi dauka eta ez dut ezta pentsatu nahi ere nola egongo diren gure ligako gainontzeko klubak.

Gogorra da, emakumeak izanda eta dagoen krisialdiarekin zaila da taldea mantentzea eta aurrera jarraitzea.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide