Aste honetan Amurrioko ikastetxetako ikasleek zinegotzien papera barneratzeko aukera izan dute Amurrioko udaletxean. Hala, Zaraobe, Aresketa eta Virgen Niñako gazteek udalbatzaren funtzionamendua ezagutu dute elkarren arteko errespetua eta tolerantzia abiapuntutzat hartuta.
Horretarako, ikastetxeetan DBHko 3. mailako ikasleek, kultura aniztasunean elkarbizitzarako lantegian parte hartu zuten. Tailerrean, tolerantzia, enpatia, elkarkidetza eta estereotipoen bazterketa landu dute udalbatzan bildu aurretik. Herri ordezkari bezala, gazteen lana asmo onetarako txostena idatzi eta haiek osatutako osoko bilkuran onartzea izan da.
Ekimena onuragarria izan dela adierazi du Nuria Lopez Amurrioko udaleko Berdintasun zinegotziak, berdintasuna, integrazioa eta tolerantzia sakonki landu direlako. Horrekin batera, balio horiek gazteetan indartzearen garrantzia aipatu du, etorkizunean gizartean hedatuta egon daitezen.