Amurrioko udalbatzarako zinegotzi berriak izendatu dituzte PP eta PSE alderdiek egunotan. Santiago Abascalek, Aiarako popularren burua izandakoak, martxoan politika uzteko asmoa iragarri zuen eta hedabideek azaldu dute Jerome Jarris izendatu duela Alderdi Popularrak bere tokia hartzeko.
Honez gain, Roberto Gonzalezek, PSEko zinegotziak, lan esparruko arrazoi pertsonalak direla medio udaleko ardura utzi du. Arrazoi hori dela eta ez zen agertu azkenengo Udal Osoko Bilkuran, apirilaren 29an egindakoa. Irene Novales izendatu du PSEk Amurrioko zinegotzi izateko. Sozialisten bozeramale berriak eskarmentua du zinegotzi lanetan Amurrioko udalbatzako zinegotzi izandakoa baita dagoeneko. Honez gain Eusko Legebiltzarreko parlamentaria ere izandakoa da eta hainbat urtetan Aurreraka emakume elkarteko arduraduna.
Zinegotzi berrien izendapena hilabete hasieran deitu behar den aparteko udalbatzan bideratuko dute.