Maiatzaren 22a Biodibertsitatearen Nazioarteko Eguna denez, beste urte batez biodibertsitateari buruzko jardunaldiak egingo dira Amurrion. Horien bidez, herritarrei gure inguruko fauna espezieak hurbildu nahi zaizkie, oso garrantzitsuak baitira gure ekosistemen orekarako. Jardunaldiok 3 ostiraletan egingo dira Katekesi aretoan, 19:30etan, eta erantsitako egitarauari jarraituko zaio. Jarduera hori osatzeko, bi irteera egingo dira mendira, maiatzaren 24an eta 31n (larunbatak). Lehen egunean, narrastiak eta anfibioak behatuko dira, eta bigarrenean, berriz, hegaztiak.
Jardunaldi horien bitartez, Amurrioko naturazaleen xedea Lurrean dagoen dibertsitatea ospatzea da, bai eta munduan biodibertsitatea galtzeari aurre egitea ere. Desagertze erritmoa kezkatzeko modukoa da, normala litzatekeena baino mila bider azkarrago baitoa. Giza jarduerak eragiten du galera hori, eta ustea da klima aldaketek are gehiago larriago dezaketela. Hala, nabarmentzekoa da naturak ezinbesteko zeregina duela Lurreko bizitzari sostengua emateko, baita gureari ere, eta aintzat hartu behar da biodibertsitatea babestea planeta mailako kezka dela eta toki mailako ekintzak beharrezkoak direla.
Era berean, azpimarratu behar da globalizazioak, mundu mailako merkataritzak eta klima aldaketak areagotu egiten dutela biodibertsitatearen gaineko presioa; hartara, presioa geldiarazi behar dugu, hala mundu, nazio zein autonomia mailako politikekin, nola tokiko esparrutik hasita, garapen ereduak aldatuz eta garapen iraunkorraren nahiz biodibertsitatea babesten duen lurralde antolamenduaren alde lan eginez.
Aiaraldetik jardunaldi hauetan parte hartzera animatu nahi zaituztegu gure ingurunearen ezagutza interesgarria bezain beharrezkoa baita gure ondotik datozen belaunaldiei ingurune naturala ondare bezala hutsi ahal izateko. Anima zaitezte!