"Ikusleen bihotza hunkitzea zoragarria da"

Erabiltzailearen aurpegia Lander Arteaga Egiluz 2014ko api. 22a, 04:49

DIEGO MARTÍN ETXEBARRIAk (Amurrio, 1979) bere ibilbidea Amurrioko Musika Eskolan hasi zuen opera zuzendaria da. Orain, Alemanian bizi delarik, Berlingo Staatsoper-en opera zuzendari giza estreinatu da.

Galdera egokienarekin hasteko… Pasaden martxoak 30ean izan zen zure estreinaldia opera zuzendari lanetan, nolako izan zen? Eta, zuk nola bizi izan zenuen? Urduri?

DIEGO MARTÍN ETXEBARRIA (Amurrio, 1979) bere ibilbidea Amurrioko Musika Eskolan hasi zuen opera zuzendaria da. Orain, Alemanian bizi delarik, Berlingo Staatsoper-en opera zuzendari giza estreinatu da.

Galdera egokienarekin hasteko… Pasaden martxoak 30an izan zen zure estreinaldia opera zuzendari lanetan, nolako izan zen? Eta, zuk nola bizi izan zenuen? Urduri?

Estreinaldia aipatu duzun igande horretan izan zen, eta egia esanda dena bikain atera zen. Bai ikusleek baita kritikariek ere harrera ona eman ziguten, eta hori da garrantzitsuena. Musika nire bizitza da, egiten dudanarekin hunkitu egiten naiz eta, era berean, nire helburua ikusleen bihotzak-ukitzea da; ondorioz, hori gertatzen denean, zoragarria da. Urduritasunaren inguruan, estreinaldi egun batean dudana soilik sentitu nuen. Hilabete eta erdi egon ginen egun hori prestatzen, eta prozesua ikusita sentitu nuenari, urduritasuna baino, ikusleei gure lana lehen aldiz aurkeztearen asaldura deitu nioke. Bai musikariak, baita kantariak ere, bikainak dira, baina garrantzitsuena talde-lanean sortutako giroa izan da, horrek asko lagundu du ekoizpenaren emaitza onean.

Ezagutzen ez zaituen norbaiti, nola azalduko zenioke nor den Diego Martín?

Lehenik  eta behin, ni Diego Martín Etxebarria naiz (Barreak), arrazoi ezberdinengatik: Lehena, guraso biak nahi ditudalako nirekin izan,  nire ibilbide osoan zehar eskaini didaten laguntza eta indarragatik. Bigarrena, nire izena ikusita nire jatorriaren berri ematea gustatzen zaidalako. Adibidez, Alemanian nire izena ikusten dutenean argi daukate Bilbo ingurukoa naizela. Eta hirugarrena, Diego Martin izeneko abeslari eta aktore bat ere badirenez… Etxebarriarik gabe ez naizelako inork! (Barreak)

Bromak aparte, urte asko pasa direlarik ere, ni Musika eskolara joaten zen mutiko bera sentitzen naiz, lagunekin herritik ibiltzen zena edota Amurrioko jaietan El Boli koadrilaz janzten zena. Etxekoia izan naiz beti, eta gezurra badirudi ere, etxetik atera nintzen lehenengo aldia oso gogorra izan zen niretzat. Baina, nire lana maite dut, eta ez daukat arazorik mundu osoan zehar bidaiatzeko orkestra batek nirekin musika sortzeko nahiak aurkezten badizkit. Guztiz zorionekoa sentitzen naiz txikitan nuen ametsa bizitzeko aukera dudalako. Hori bai, ez izan dudarik, abuztuaren 14an Amurrioko jaietan egongo naizela lagunekin odolkiak banatzen!

Amurriotik Berlinera, bi orduko hegaldi bat baina zure kasuan urte askoren lana suposatu duen bidai bat, zein izan da egin behar izan duzun bidea? Nola heldu zara helmugara bidetik galdu gabe?

Urte asko pasa dira nire ibilbidea hasi nuenetik eta, egia esanda, erraza da bidetik urruntzea, gehien bat, musikariz osatutako familia batetik ez zatozenean; musika ikasketak gutxi zaintzen dituen gizarte batean bizi gara, eta ez da erraza lehen ahaleginean bide zuzenena aurkitzea. Zorionez, nigan sinistu eta nire ibilbidea gidatu duten irakasleak topatu ditut; Amurriotik Gasteizera, eta, gerora, Bartzelonara egindako jauzi garrantzitsuan. Bartzelonara joateko hautua erabakigarria izan zen, bai ikaskuntzagatik baita bertan egin daitezkeen harremanengatik. Beti jakin dut, musikan nire ibilbidea osatzeko hiri handi batera joan beharko nintzela eta, esan bezala, Bartzelona eragin handikoa izan da niretzako. Bertan, operaz maitemintzen hasi nintzen, eta horregatik Alemaniara joatearen erabakia hartu nuen. Alemanian, 50.000 biztanle gorako edozein hirik opera antzoki bat dauka, denboraldi finko batekin eta ikusle askorekin. Opera beste edozein aisialdi aukera bezalakoa da (zinema edo antzerkia, adibidez) eta prezioak ere antzekoak dira. Gurean aurrera pausu onak ematen ari gara (OLBE - Operaren Bilboko Lagunen Elkartea- lan bikaina egiten ari da), baina hala ere ibilbide luzea dugu oraindik aurretik. Pausoz pauso aurrera joan behar dugu, konplexurik gabe. Bai erakunde publikoak baita babesleak ere, eta ikusleak beraiek, ikuskizun hauen balioaz konturatu behar dira. Ea, pixkanaka pixkanaka, operaren inguruko ideia herrikoiagoa bihurtzen dugun, gurean daukan elitista etiketa atzean utziz. Musikalak eta operen arteko ezberdintasunak oso txikiak dira (edukia eta antzezko moduak antzekoak dira), baina musikalak harrera ona dute gurean, eta opera ez hainbestekoa. Argi dago, marketin aldetik musikalen ekoizleak lan hobeagoa egin dutela!

Zure ibilbide musikala Amurrion hasi zen. Atzera begira, ze oroitzapen dituzu Amurrioko Musika Eskolaren inguruan? Urte horietan, Berlingo Staatsoper zuzenduko zenuela imajina zenezake?

Txikitatik orkestra zuzendaria izatea nahi nuen, zehazki zer zen ez banekien ere. Amurriko Musika Kontserbatorioan sartu nintzenean, argi utzi nion nire piano irakasleari (María Gadea) zein zen nire helburua. Oraindik bion artean harremana mantentzen dugu, eta, non nagoen ikusita, barregarria da une hori gogoratzen dugunean.

Oroitzapenez hitz egitea zaila da, istorio asko etortzen bai zaizkit burura. Baina berezia izan zen bat hautatu behar izatekotan, Ertzaintzaren Musika Bandarekin egindako kontzertua izango litzateke. Egitaraua film ezberdinen soinu-bandez osatuta zegoen, eta lehen aldiz, Batman-en musika jo genuenean, tutu-kanpaiak entzutean, oilo-ipurdia jarri zitzaidan. Amurrion pasatako urteetan bizi izan nuen unerik hunkigarriena izan zen.

Bestetik, Berlingo Staatsoper zuzentzea nire musika ibilbidean une garrantzitsu bat dela ezin dut ukatu, eta nire hautaketa baieztatzen zuen posta elektronikoa jasotzean sentitu nuen emozioa ezingo dut inoiz ahaztuko. Baina, ez naiz bere buruari holako mugak ezartzen dizkion pertsona bat. Nire helburu bakarra musikaz bizitzea da, non egiten dudan axola gabe. Helburu xume bat dirudien arren, orkestra zuzendari giza ibilbide luze bat lortzea ez da bat ere erraza; hori bai, eszenatoki baten gainean bizi daitekeenarekin zailtasunak pena merezi dute.

Berlingo Staatsoper-ez hitz egitean David Barenboim zuzendari ospetsuaz hitz egiten dugu, eta horiek goi mailako hitzak dira. Barenboim-en etxean zuzentzeko hautatu zintuztela jakitean, ze etorri zitzaizun burura? Nola zuzentzen duzu goizetan zurekin eta arratsaldetan Barenboim-ekin saioak egiten dabilen musikari bat?

Berlin-en bizi naizenez, askotan egon naiz ikusle giza Staatsoper-en; baina ekoizpen baten zuzendari giza atetik sartu nintzen lehenengo eguna berezia izan zen. Aipatu duzuna gertatu denez, lehenengo egunetan, orkestra nola erantzungo zuenaren zalantza banuen. Goizetan, nire operak entseatzen genituen, eta arratsaldetan Barenboim-ekin “Tannhäuser”-en saioak egiten zituzten. Eta, egia esanda, normaltasun osoz bizi izan dugu. Orkestrako musikariak diziplinadun bezain bikainak dira eta, niretzako garrantzitsuagoa dena, lanean giro bikain bat sortzen lagundu dute. Bizitakoa zoragarria izan da eta estreinaldi gauean, ospatzen, denok batera topa egiten ibili ginen. Askotan, gauzak aldez aurretik pentsa genitzakeen baino arruntagoak dira.

Alemania eta Euskal Herria ez dira oso antzekoak berez. Zer irabazi duzu eta zer botatzen duzu faltan?

Alemania ezinbestekoa izan da nire ibilbide profesionalean, eta nire bizitzan musika ezinbestekoa denez, hemen egotea funtsezkoa izan da. Hemen musikari profesionala izatea arrunta da, eta lan egiteko aukera gehiago daude. Gainera, oso “perfekzionistak” dira, eta euren produktuak bikain saltzen dituzte; aukerak ez dira soilik alemaniarrentzat, hemengo erakundeetan  ikasi eta hasi den edonorentzat baizik. Nire kasuan, Weimar eta Dresden eskoletan ikasi ondoren, hemengo bat bezala ikusten naute jadanik eta horrek dena erraztu du.

Baina Euskal Herriko gauza txiki asko botatzen ditut faltan: familiarekin eta lagunekin egotea, pintxo-poteak, jakiak, eguzki orduak eta eguraldi ona (asko kexatzen bagara ere, Berlinekin alderatuz, Euskal Herrian uda garaian zaudete beti),…

Hemen, opera zuzendariak ez dira ospetsuak, baina Alemanian ezagunagoak zarete. Nabaritzen al da kalean ezberdintasun hori? Adibidez, kalean zure aurpegia ezagutzen dute?

Alemanian orkestra zuzendaria izatea arruntagoa da, eta horregatik, nire ustez, jendeak garrantzi gutxiago ematen dio. Gainera, alemaniarrak ez dira gu bezain  mitomanoak. Noizbait, ni ezagutu aurretik nire izena ezagutzen zutelaren esperientzia bizi izan dut, eta beste batzuetan ere, nire lanbidea zein den esatean ez didate sinistu! Espainian eta Euskal Herrian, behin baino gehiagotan, bizi izan dut hori; orkestra zuzendari naizela esan eta “ez, benetan, zein da zure lanbidea?” galdetu didate (Barreak).

Non ikusten duzu zure burua hemendik urte batzuetara? Egi bihurtu nahi duzun ametsik bai musika munduan? Etxean, Aiaraldean, opera bat zuzentzen ikusten duzu zure burua etorkizunean?

Aurretik aipatu dudan moduan, ez dut helburu edo amets zehatzik. Gura dudan gauza bakarra eszenatokietan ibilbide luze bat izatea da. Egiten dudanaz maiteminduta nago, eta ez dut nire burua beste inon ikusten. Hori bai, asko maite dudan gauza bat etxean zuzentzea da; bai Bilboko orkestrarekin baita Euskadiko orkestrarekin. Biekin harreman bikaina daukat eta beti da berezia familia eta lagunen aurrean eszenatoki batera igotzea. Oraindik lortu ez dudan zerbait OLBE-ren estreinaldi gaua da, baina etorkizun hurbil batean bertan egotea espero dut. Ziur nago, zaleei “zuloan” etxeko zuzendari bat ikustea gustatu litzaieekela.

Amaitu aurretik, ardo herrialde batean jaio zinen eta, orain, garagardoaren herrian bizi zara. Galdetu beharra dugu: ardoa edo garagardoa?

Alemanian askotan egiten didaten galdera bat da hori, eta beti harritzen ditut nire erantzunarekin: ez dut ardoa gogoko. Dudarik gabe, garagardo zalea naiz eta, noizbait ardoa edatekotan, ardo zuria, gorria edo cava izan ohi da.

Eskerrik asko zure denboragatik Diego Martín Etxebarria, ea laster ikusten zaitugun Aiaraldean bai lanean bai ongi irabazitako aisialdiaz gozatzen.

Euskal Herriko bi orkestrekin dudan harreman bikaina mantentzea espero dut, baina hala ere, urtero bezala, abuztuaren 14an Amurrioko jaietan egotea espero dut.

Eskerrik asko zuei!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide