MARIAN MARTINEZ ALONSO (Amurrio, 1972) Amurrio Bideaneko langilea da. Enpresak sortzeko eskaintzen dituzten baliabideak azaldu ditu.
Amurrion autoenplegua sustatzeko zein baliabide daude?
Amurrio Bideanek ekintzaileen kultura sustatzeko jarduera ezberdinak egiten ditu: hezeguneetan hitzaldiak, ideiak garatzeko tailerrak... Horretaz gain, aholkularitza zerbitzu indibiduala eskaintzen du, ideiatik negozioa osatzera dauden pausuen jarraipena eginez. Bestetik, Refor eremuan enpresen haztegia du. Hau da, merkatuko baldintzekiko abantailak dituen leku fisiko bat. Bulegoek 10-56 metro karratu dituzte, eta ADSL linea, kalefakzio zerbitzua, garbiketa, elektrizitatea... barne daude. Buzoia, bilera gela, segurtasun sistema... konpartitua da.
2010Ean Ekintzaileen laborategia inauguratu zen, baliabide informatikoak eskaintzen dituen gunea: enpresen kudeaketarako softwarea... Bertan, negozio plana bideratzeko pertsonak bezero edo hornitzaileekin bilerak egin ditzakete.
Apirilean Coworking aretoa estreinatu genuen, gastu gutxiagorekin pertsona ezberdinek batera lan egiteko eremua, elkarlanerako eta sormenerako klima ahalbidetzen dituena. Ideia eraikina era guztietako proiektuak garatzeko zabaltzea da. Printzipioz ez dute enpresak izatearen baldintza bete behar, gure inguruan eragiten duten ekimenak direlako eta jendarteari proiektu enpresarialak eskaintzeko oinarri izan litezkeelako horietariko asko. Edo, aukera edo onura ezberdinen sortzaile.
Enpresen haztegia noiz sortu zen?
Refor Amuriro enpresaldeak 2005eko apirilaren 25ean ireki zituen ateak, Amurrioko enpresen ekintzaileei bidea errazteko eta topagune izateko helburuarekin. Horretaz gain, erreferentzia, sinergia eta elkarlanerako gune izatea bilatzen zen, Amurrio eta inguruetako hobekuntza etengabea lortzeko.
Refor ingurua jartzeko aukera El Salvador eraikinaren berrikuntzaren fruitu da, udalak egokitu zuen. Eraikinak 3.000 metro karratu baino gehiagoago ditu,e ta behar diren adina baliabide eta azpiegitura ditu. Hala, bulegoak, formakuntza gelak, bilera aretoak, teknologia gela...ditu. Gainera, eraikin berdinean Amurrio Bidean-en bulegoa dago, sustapen ekonomikorako udalaren zerbitzua.
Nolako bilakaera izan du datutan?
Zortzi urte hauetan erabiltzaileak hazi egin dira, baita espazioan alokairu eta baliabideak ere. Ireki zenetik 22 enpresa igaro dira hemendik, 40 pertsona baino gehiago. Ekimenen artean daude arkitektura estudioak, ikus-entzunezko produkzioak, animazio enpresak, bideojokoen itzulpengintza enpresa, diseinu enpresak...
Enpresa edo negozio bat abiatu nahi duen orok zein prozedura jarraitu beharko luke?
Lehengo bileran prozesuaren faseak laburbiltzen dituen dokumentua entregatzen dugu, pausuak azalduz. Lehendabizi ideia mamitu behar da, negozioa den edo ez benetan aztertu. Ondoren, merkatuaren egoeraren inguruko informazioa biltzen dugu, bezero posibleak, konpetentzia... Era honetan negozio eredua garatzen dugu, beste enpresetatik bereiztuko gaituen hori. Ondoren, negozio plana egiten da, enpresak garatuko duen estrategia eta ekinbideak zehaztuz: marketinga, produkzio prozesuaren antolaketa, giza eta baliabide materialak, finantzaketa plana... Dokumentu hau ezinbestekoa da enpresa martxan jarri edo ez erabakitzerako orduan. Behin abiatuta, legalki izan behar duen forma aztertzen da, lizentziak, baimenak... dagozkion tramitazioak egiteko. Horretaz gain, ekintzaileari finantzatzeko bideak bilatzen zaizkio, baita eskura-errazak diren laguntzekin lagundu ere. Martxan jartzean, aldiz, jarraipena egiten zaio.
Ekintzaile berrientzat zein laguntza daude?
Bakoitzaren egoera pertsonalaren arabera ezberdina da hori: ekintza mota, forma juridikoa, enpresaren kokapena... faktore askok eragiten dute. Horregatik, kasu bakoitza banaka aztertzen dugu. Langabetuak, 30 urtez beherakoak, autonomoak... abantaila ezberdinak dituzte tramitazioetan.
Ekintzaile programaren bidez 30.000 euro lor litezke, ideian garapena eta enpresaren abiatzea laguntzeko. Arabako Foru aldundiak, berriz, enpresa berriak sortzerakoan berrikuntzaren bat planteatzen bada %50 diru-laguntza ematen du, gastuetan 20.000 euro arteko laguntza eskainiz.
Eusko Jaurlaritzak, ordea, merkataritza, turismoa, ostalaritza eta industria ekimenetarako laguntza eskaintzen du.
Oztopo nagusiak zeintzuk izaten dira?
Noramlean zer egin argi izaten dugu, baina nola kudeatu kostatzen zaigu. Saltzerakoan eta komertzializatzerakoan ere zailtasunak transmititzen dizkigute. Horregatik, lehendabizi formakuntza jasotzea gomendatzen dugu guk. Horretarako, ikastaro eta tailer ezberdinak antolatzen ditugu. Bestalde, krisi ekonomikoak ez du askorik laguntzen; bankuekin negoziaketa zaildu egin baita.
Zer gomendatuko zenioke zuk ideia bat buruan darabiltzatenei?
Saiatzeko, ez daitezela geratu funtzionatuko ote lukeen edo ez zalantzan jartzearekin. Iniziatiba hartzeko esango nieke, beldurra kentzeko, eta ekintzaileak laguntzeko abian dauden aholkularitza zerbitzuak baliatzeko, instituzio edo erakundeetara jotzeko. Enpresa munduan batzuetan irabazi egiten da, eta besteetan ikasi. Paulo Coelhok hala esan zuen behin: “Bakarrik gauza batek eragozten du ametsa ezinezko, frakasatzearen beldurrak”.