Bihar, apirilak 10 (osteguna), elkarretaratzea egingo dute Amurrioko epaitegiko langileek. Hitzordua goizeko 11:00etan da, epaitegiaren aurrean. Helburua da, hain zuzen, erregistro zibilaren pribatitzazioa salatzea, eta halaxe jakinarazi dute gure erredakziora bidalitako prentsa-oharraren bidez. Protesta horrekin, bada, Euskadiko Justizia Administrazioko langileek egindako salaketarekin bat egin nahi dute.
Haien hitzetan “Erregistro Zibila jabetza-erregistroen eskuetan uzteko erabakiak karga handia ekarriko die herritarrei, orain arte publikoa eta doakoa izan den zerbitzu bategatik ordaintzera behartuko baitituzte”.
Prentsa-oharrean ere Erregistro Zibilaren pribatizazioak izango dituen ondorioak azaldu dituzte. Hona hemen:
-Auzibidera jotzeagatik ordaindu behar izatea (tasak)
-Doako justizia erdiesteko zailtasun handiagoak
-Bake-epaitegiak eta erregistro zibilak deuseztea
-Hiriburuetakoak ez diren herrietako zerbitzu judizialak urruntzea.
-Honako hauek inskribatzeagatik ordaindu behar izatea: jaiotza, heriotza, ezkontza, tutoretza, ezgaitasuna, dibortzioa, adopzioa…
-Pentsioa jaso ahal izateko urteroko bizi-agiria ordaindu behar izatea.
-Erregistro Zibilari dagozkion espediente guzti-guztiak ordaintzea
-Datu pertsonalen segurtasuna interes pribatuen esku gelditzea
Horiek horrela, beraz, herritar guztiei dei egiten diete, langileen elkarretaratzearekin bat egin dezaten. Izan ere, “zerbitzu publikoen defentsa eraginkor eta argia egiteko” ezinbestekoa da ahalik eta jende gehien batzea.