Maiatzaren 25ean Europako Parlamenturako hauteskundeak izango dira. Horren harira, EHBilduren hautagaia den Josu Juaristi Amurrioko Katekesian egongo da, bihar, hilaren 8an, asteartea, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Iker Casanova izango du lagun. Honek elkarrizketa egingo dio Juaristiri. Helburua koalizioaren posizioa ezagutzera ematea izango da.
EHBilduren ustez hauteskundeak testuinguru latz batetan helduko dira. Hala, zerbitzu publikoen murrizketak eta eskubide sozialen etengabeko deuseztatzea aipatzen ditu adibide gisa. Horren ondorioz, milioika pertsonak langabezia, etxe-desjabetzeak, prekarietatea, pobrezia eta bazterketa soziala pairatzen ari direla salatu dute ezkerreko independentistek. Horri aurre egiteko, ezkerreko indar soberanistak eta independentistak herrien autodeterminazio eskubidearen defentsa argia egin eta Europar Batasuneko eredu sozioekonomikoa aldatzeko ardura hartzen dutela iragarri dute.