[Erreportajea] Aztarna elkartea, mende laurdeneko lanari aitortza

Txabi Alvarado Bañares 2014ko mar. 29a, 13:32

Aztarna elkarteak jaso du  2014ko Urrezko Guk saria. Oroigarria  orain jasotzea ez da kasualitatea, elkarteak 25 urte beteko baititu aurten. Mende laurden Amurrio zein Aiaraldeko ondarearen mantentze eta jendarteratze lanean. Urte guzti horietan zehar ugariak izan dira elkartearekin kolaboratu duten herritarrak. Proiektua, baina, norbanako batetik sortu zen: Felix Murga apaiz Zuhatzarraren eskutik. Hala azaldu du Aztarnako kide den  Ramon Zurimendi historialariak. “Apaiza zen, baina ikertzeko grina handia zeukan”.

Aztarna elkarteak jasoko du  2014ko Urrezko Guk saria. Oroigarria  orain jasotzea ez da kasualitatea, elkarteak 25 urte beteko baititu aurten. Mende laurden Amurrio zein Aiaraldeko ondarearen mantentze eta jendarteratze lanean. Urte guzti horietan zehar ugariak izan dira elkartearekin kolaboratu duten herritarrak. Proiektua, baina, norbanako batetik sortu zen: Felix Murga apaiz Zuhatzarraren eskutik. Hala azaldu du Aztarnako kide den  Ramon Zurimendi historialariak. “Apaiza zen, baina ikertzeko grina handia zeukan”. Horrela hasi zen Murga ondarearekin erlazionatutako gauzak biltzen. Zeramikazko piezak, argazki zaharrak... “denetarik apur bat”, Zurimendiren hitzetan.
Baina laster hasi zen Murga bere lana partekatzen. “Bakarka egiten zuen horri forma eman behar zitzaiola ikusi zuen”, azaldu du Zurimendik, “hein batean diru-laguntzak eskatzerako orduan izen bat eduki eta antolatuta egon behar delako”. Gauzak hala, antzeko interesak zituen talde batekin bildu zen, “Benito Iturrate, Jose Miguel Cuadra, Jesus Guerra, Jose Luis Asein eta beste batzuekin”. Elkarte bat sortzea zen asmoa. Aztarna elkartea jaiotzear zegoen.  
Behin taldea osatuta, Amurrio eta inguruko baserrietara jo zuten Aztarnako kideek. Ondare historikoaren parte izan zitezkeen objektuak topatzea zen asmoa. “Erabili gabe edo botata zeuden tresnak hartzen zituzten gehienbat. Jaso izan ez bagenitu, pieza horietako askok zaborrean bukatuko lukete”. Murgak, bere aldetik, museo bat ireki zuen urteetan zehar bildutako zeramikazko piezekin, eta baserrietatik hartzen ari ziren gauza guztiekin antzeko proiekturen bat martxan jartzearen ideia sortu zen Aztarnako kideen artean.

Museo, biltoki, web orri
Museoaren ideia, baina, ez zen inoiz aurrera eraman, nahiz eta aurrera aterako zela behin baino gehiagotan iragarri. “Hemeroteka museoa irekiko zela zioten prentsa-oharrez betea dugu”, salatu du Zurimendik. “Politikariek asmo onak zituzten, baina asmo onekin soilik ez goaz inora”.
Sormen enpresak Aztarnaren balizko museo baten proiektua egin zuen. Baina udala proiektuarekin “izutu” egin zen, Zurimendiren arabera. Izan ere, proiektua gauzatzeak milioi bat euroko kostua suposatuko luke, “eta are gehiago kontuan izanda hemendik kilometro gutxira Artziniegako museoa dugula, berez bikaina dena”.
Museoaren ideia bazterturik, beste aukera bat plazaratu zitzaien Aztarnako kideei: Refor Amurrio Enpresaldeko espazio bat baliatzea. Lanbiderekin akordio batera iritsi ziren, eta erakunde horren kurtsoetan zenbiltzatenen laguntza jaso zuten horrela. Zaharberritzaile kurtsoan zebiltzatenek Aztarnak bildutako piezak berriztatzeari ekin zioten, eta igeltsero ikasketak egiten zebiltzatenek, berriz, pieza horiek gordetzeko emandako espazioa atontzen aritu ziren.
Espazioa “kultura biltoki” batean bilakatu nahi zuten aztarnakoek. Zaharberritze kurtsoko arduradun batek halako biltoki bat sortzeko ildoak markatzen zituen dossier bat prestatu zien. “Guk nahi genuena piezak erakutsi ahal izatea eta materiala duinki ordenatua egotea zen”, oroitu du Zurimendik. Gaur egun, baina, espazio hori ez da “ez museo ezta biltoki ere ez”. Goiko solairua bukatu gabe dago, eta oraindik pieza asko dituzte aztertzeke. Zurimendik azpimarratu nahi izan du Jesus Gerra Aztarnako kidea izan dela espazioa antolatzerako orduan lan gehien hartu duena, “alma materra”; eta gaineratu du Felix Murgaren zeramika museoa ere bertara eramateko asmoa dutela. Baina ez da horren erraza suertatuko, zeramikazko museoaren konplexutasuna dela eta udalak enpresa bat kontratatu beharko lukeelako lan hori egiteko.
Museoaren ideia momentuz amets bat izatera mugatzen da, beraz. Baina amets hori lortzera bidean ez dira geldirik egon Aztarnako kideak. Hala, museoarena amets soil bat izatetik amets birtual bat izatera igaro da, ikusi eta kontsultatu daitekeen amets bat. Elkartearen web orrialdean (aztarna.es) topatu daiteke Etnografia museo birtuala. Refor enpresaldeko biltokian dituzten 300 pieza ikusi daitezke bertan. Pieza bakoitza hainbat angelu eta perspektibetatik ikusi daiteke, hiru dimentsioko efektu bat sorraraziaz.
Museo birtuala “polita eta aitzindaria” da Zurimendirentzat, nahiz eta bukatua ez egon. 300 piezei azalpenak txertatzea falta da, adibidez. Baina ez dute dirurik halako web garapena egiteko. Eta Aztarnakoentzat oso garrantzitsua da  erakusten diren objektuekiko azalpenak eman ahal izatea, ondarearen dibulgazioa baita  elkartearen xede nagusia. “Ez digu ezertarako balio pila bat gauza izatea gorderik gero jendeak ezin baditu ikusi”.   Dena den, webgunean ikusi daitekeen bilduma Reforren gordea dutenaren lagin txiki bat baino ez da. Aintzinako sehaska batetik XVIII. mendeko liburuetara, zinema proiektore batetik arrain baten fosilera... hainbat garai eta gai barnebiltzen ditu Aztarna elkartearen bildumak. Zepo sorta aipatu du Zurimendik, eta baita garai ezberdinetako teilez osatutako bilduma ere, “bitxia eta zabala da”. Bat aukeratzea zaila egiten zaion arren, pieza bakarrarekin geratu behar izatekotan “aldare mugikorrarekin” geratuko litzateke. Desmuntatu eta maleta bihurtzen den aldare bat da, apaizek herriz herri meza emateko erabiltzen zutena. Nahiko ezohikoa delako gogoko du Zurimendik.

Aurrera begira
Lanean igaro dituzten 25 urteak ahaztu gabe, aurrera begira daude Aztarnako kideak. Aurten hainbat ekintza egiteko asmoa dute, tartean bi erakusketa, toponimiari buruzko bilera bat, memoria historikoari buruzko jardunaldiak... Amurrioko jaietan egin ohi duten argazki erakusketaz gain beste bat prestatzeko asmoa ere badute, “Nola aldatu zaren, Amurrio” izenpean. Amurrio “nekazal-herri izatetik hiri txiki  bilakatzera” nola igaro zen  argazkien bidez azaltzea izango du xede, Zurimendiren hitzetan.
Beste proiektu batzuk ere badituzte buruan, noiz egin ahalko dituzten ez dakiten arren.  Gorbeiatik Artziniegara dauden lubakiak aztertu zituztenetik dabiltza guda zibilari buruzko liburu bat kaleratzeko asmotan, baina ideia oraindik garatu behar dutela azaldu du Zurimendik. Aintzinako jaien bideoekin DVD bat atontzea ere dute buruan, eta  euren bigarren argazki liburua izango litzatekeena atontzea ere bai. Hor dago baita urtero ateratzen duten aldizkaria., Aurten bi ale ateratzea bururatu zaie, bakarra kaleratu ordez. Baina ez dute ekonomikoki bideragarria izango denik uste.

“Inoiz ez da berandu”
 Sortu zenetik urteak igaro diren arren, Aztarna elkartea funtzionamenduan jarraitzen du, tankerako beste proiektu batzuk bidean geratu diren bitartean. Bere parte diren kideak profesionalak ez izatean datza arrakastaren sekretua, Zurimendiren ustez. Elkarteak 17 bazkide ditu, “ eta inori ez zaio ezer exijitzen”. Badaude urtean 10 euroko kuota ordaintzera mugatzen direnak  eta baita proiektuan buru belarri sartuak daudenak ere. Azken horiek dozena erdi izango direla zehaztu du Zurimendik. Ilusio mantentzen jakin dutela gaineratu du, hasieran zeukaten bera ez izan arren. “Fondoko korrikalariak bezalakoak gara”, ondorioztatu du.
Martxoaren 29an igoko dira Zurimendi eta Aztarnako gainontzeko kideak Amurrioko Antzokiko oholtzara, ibilbide oso bat omentzeko emango zaien Urrezko Guk saria jasotzeko. Pozik daudela aitortu du Zurimendik, “gu pozik, 25 urte hauetan inork ez digu saririk eman. Baina  inoiz ez da berandu”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide