Institutuko Lanbide Heziketako ikasleak jarrera eta emozioen arloan trebatzen ari dira. Proiektua ikaslea bere osotasunean hartzean datza, ezagupen teknikoak bakarrik ez, horrelako trebetasunak ere behar dituelako.
Iñaki Rodrigo, proiektu-arduradunaren esanetan, emozioak kudeatzeko duten gaitasun ezari erreparatzea eta horrek ekartzen dizkigun arazoez kontziente izatea da helburua.
Egitasmoa joan zen ikasturtean jarri zuten abian, irakasle batek adimen emozionalarekin lotutako nazioarteko programa batean parte hartu eta esperientzia desberdinak ezagutzeko aukera izan zuenean.
Zaraobe Institutuan ikasleekin harremanetan jartzeko tresnak moldatzen hasi ziren orduan, gertukoagoak bihurtzen. Ikasturte honetan urrats berria eman dute: heziketa emozionala gainontzeko irakasgaietan txertatu eta hainbat dinamika abiarazi dituzte, “Sintonizatzeko minutua”, “Kariñogramak” eta “Sentimendu panela”, besteak beste.
Ikasleen artean oso harrera ona izan dute, adibidez, ikastetxera sartu bezain laster musika lasaia entzun eta burua “sintonizatzeko” edo ikasketarako prestatzeko minutuek.Batzuk bere falta sumatu dute aukera hori izan ez dutenean. Beste dinamika batzuk, ordea, harrera okerragoa izan dute. Irakasleen funtzioa are garrantzitsuagoa da proiektuak aurrera egin dezan.
Egitasmoan parte hartzeko formazioa jaso eta oro har ondo hartu dute, “baina irakasle batzuentzat ere zaila da emozioekin lotutako tresna berri hauek haien eguneroko dinamiketan integratzea”.
Ikastetxeak ildo honetan jarraitzeko asmoa du, dinamikak moldatuz eta bidean ikasten ari diren guztia proiektua hobetzeko erabiliz.
Momentuz ikaskuntza emozionala Lanbide Heziketako ikasle taldeetan eskaintzen da bakarrik baina Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako taldeetara ere zabaltzeko asmoa dute.
Zaraobe Institutuak metodologia aktiboa eta proiektuetan oinarritutako irakaskuntzaren bidea hartu du. Ikasleekin harreman zintzoak izateko nahia eta haiekin batera gauza berriak eraikitzeko asmoa daude bide horren atzean.