Tubos Reunidosek 22 milioi euroko inbertsioa egin du Amurrion

Erredakzioa 2014ko mar. 27a, 07:20

Enpresak altzairuaren kalitatea hobetzeko eta hodi bereziak egiteko bi instalazio berri jarri ditu martxan. Azken inbertsioak 22 milioi euroko kostua izan du. ELAk instalazio berrietarako lanpostu gehiago sortzea eskatu du. LABek, bestetik,“kolpe mediatikotzat” jo du albistea orain plazaratzea, inbertsioa urtarrilean egin zelako.

Enpresak altzairuaren kalitatea hobetzeko eta hodi bereziak egiteko bi instalazio berri jarri ditu martxan. Azken inbertsioak 22 milioi euroko kostua izan du. ELAk instalazio berrietarako lanpostu gehiago sortzea eskatu du. LABek, bestetik,“kolpe mediatikotzat” jo du albistea orain plazaratzea, inbertsioa urtarrilean egin zelako.

Tubos Reunidos enpresak adierazi du bi instalazio berri jarri dituela martxan Amurrion duen fabrikan. 22 milioi euroko inbertsioa egin du horretarako enpresak. Exijentzia handiko produktuen espezializazioan “salto kualitatibo eta lehiakorra ematea” da helburua, enpresak komunikatu batean azaldutakoaren arabera.

Instalazioetako batek hutsean gasa kentzeko balio du, eta RH motakoa da. Mota horretako instalazioak soldadurarik gabeko hodien sektorean “mundu mailan dauden garatuenetarikoak” direla azaldu du enpresak, eta helburua Amurrion ekoizten den altzairuaren kalitatea hobetzea da.

Instalazio berriarekin urtero 400.000 tona altzairu ekoiztea aurreikusi du enpresak. Hodi bereziak izango dira, petrolioaren eta gasaren ustiapenerako baliatuko baitira. Energia sektore horiek “estrategikoak” dira Tubos Reunidosentzat, enpresaren salmenten %80a direlako.

Martxan jarriko duten bigarren, instalazioa, aldiz, tenplaketa bidezko tratamendu termikoa egiteko baliatuko dute. Bertan, indukziozko bobinen bidez berotuko dituzte hodiak. Hala, produktuaren homogeneotasunean zehaztasun gehiago lortu nahi dute. 8000 Kw-ko potentzia du instalazioak eta orduko 10 tona ekoitzi ditzake, 55.000 tona urtean.

Bi instalazioak martxan jartzeko dirua Tubos Reunidos taldearen 2012-2016 denboraldirako Inbertsio Planean barnebiltzen da. Plan horren aurrekontu osoa 150 milioi eurokoa da. Hortaz gain, Inbertsioen Europako Bankuaren laguntza jaso du planak. 59 milioi euroko mailegua eman zion bankuak enpresari azaroan. Amurrio eta Galindoko (Bizkaia) fabriketan ikerketa, garapen eta berrikuntza bultzatzeko zen diru laguntza.

Sindikatuen erreakzioak 

Instalazio berrien harira, sindikatuek azaldu dute inbertsioa ez dela berria. ELAk adierazi du abenduan frogatu zutela hutsean gasa kentzeko instalazioa lehen aldiz, eta urtarriletik dagoela martxan, enpresak aditzera orain eman duen arren. Sindikatuak aldarrikatu du lanpostu gehiago sortu beharko liratekeela instalazio berrietan aritzeko, Europan antzeko egoeratan txanda bakoitzeko bi pertsona gehiago daudela argudiatuta.
LABek instalazio berriak lanpostu finko gehiago sortzeko baliatzea espero du. Hala, orain arte egindako aldi baterako langileen ”erabilpen maltzurra” albo batera uztea eskatu dio enpresari.
Bestalde, ELAk azaldu du makina berriak erabiltzeko ikastaroak eman zitzaizkiela langileei, baina lan-orduetatik kanpo eskaini zirenez langile asko erabilpen argibideak jaso gabe geratu direla salatu du, horrek suposatzen duen arriskuarekin.
LABek Tubo Reunidosen “kolpe mediatikotzat” jo du inbertsioaren albistea orain ateratzearen erabakia, eta enpresak azken asteetan egindako finantza mugimenduekin lotu du. Pasa den astean BBVAk Tubos Reunidosen zituen akzioen %10a talde finantza-talde bati saldu zizkion.
Hala ere, inbertsioaren albistea positibotzat hartu dute bi sindikatuek. LABen iritziz, euskal ehun industrialean inbertitzeak “etorkizunera begirako bermeak” ematen ditu. 734 lanpostu sortzen ditu Tubos Reunidos enpresak zuzenean eskualdean. 2013an 6.6 milioi euroko irabazi garbiak izan zituen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide