"Ikaskuntza emozionala ikaslea bere osotasunean tratatzean datza"

Aitor Aspuru Saez 2014ko mar. 27a, 07:51

IÑAKI RODRIGO (Gasteiz, 1972) Zaraobe Institutuko zuzendaria da. Ikaskuntza emozionalari garrantzia gero eta handiagoa eman nahi diote ikastetxean eta horregatik dinamika batzuk txertatu dituzte dagoeneko.

 

Zaraobe Institutuan esparru emozionala lantzen hasi zarete, ezta?

Bai, iaz hasi ginen. Gure irakasle batek duela bi urte izan zuen esperientzia bat Europan. Mugikortasun programa batean parte hartu zuen eta proiektu horren ardatza zen ikaskuntza emozionala.

IÑAKI RODRIGO (Gasteiz, 1972) Zaraobe Institutuko zuzendaria da. Ikaskuntza emozionalari garrantzia gero eta handiagoa eman nahi diote ikastetxean eta horregatik dinamika batzuk txertatu dituzte dagoeneko.

 

Zaraobe Institutuan esparru emozionala lantzen hasi zarete, ezta?

Bai, iaz hasi ginen. Gure irakasle batek duela bi urte izan zuen esperientzia bat Europan. Mugikortasun programa batean parte hartu zuen eta proiektu horren ardatza zen ikaskuntza emozionala.

Esperientzia honetan irakasleak hainbat herrialdeko irakasle ugari ezagutu zituen eta esperientzia asko zeuden.

Itzuli zenean azaldu zidan zer lantzen zen, zer teknika mota lantzen ziren eta dinamika batzuk abian jartzea erabaki genuen hastea.

Hori  iaz izan zen. Pasa den ikasturtean hasi genuen gauza batzuk beste modu batean bideratzen, eta ondoren, ikasturtean zehar ere ikasleekin genituen harremanetarako tresnak moldatzen. Nolabait esateko, humanoagoak egiten.

Ikasturtea bukatzean erabaki genuen beste urrats batzuk eman behar genituela eta  entitate batekin harremanetan jarri ginen. Berak badauka proiektu edo programa bat horren inguruan, kasu honetan, ikastetxeetan lantzeko.

Horrela hasi ginen prestatzen aurten egiten ari garena. Baditugu beste tresna batzuk.

 

Nola azalduko zenuke zer den ikaskuntza emozionala?

Oso zaila da definizioa bilatzea, baina azken finean da pertsona bere osotasunean tratatzea, ikaslea deitzen dioguna, eta pertsona dela ez ahaztea. Ez ahazte horretan sartzen da dena. Gertaerak ematen direnean aintzat hartu ikasle hori pertsona bat dela eta egin beharreko analisiak berak egin behar dituela eta hartu beharreko konpromisoak haiek hartu behar dituztela, elkarbizitzarako arauak egon behar badira, haiek jarri behar dituztela, hainbat kontu...

Modu berean, emozioak aintzat hartzen ditugu. Emozioak kudeatzeko guztiok ditugun gaitasun ezak eragiten du gure trebetasuna esparru horretan entrenatu behar dugula. Saiatzen ari gara hori haiei azaltzen eta baliabideak ematen, emozioak behar den bezala kudeatu ditzaten.

Azken finean arazo asko agertzen dira emozio bat kudeatzen ez dakigunean. Izan daiteke tristura eta horrek dakarrena, edo etsipena eta horrek sortzen duen arazo katea... gauza asko izan daitezke.

Horri erreparatzea da. Hainbat teknika daude, hainbat baliabide, tresna daude. Guk momentuz egiten duguna da trebakuntzaren baitan sartu dugu eta teknika horiek praktikatzen gaude ikasleekin.

Batzuek hobeto funtzionatzen dute beste batzuek baino. Argi dago zailtasunak ere baditugula.

Baina orokorrean gu pozik gaude, badakigu hobetu daitekeela. Praktikatzen ari garen eredua % 100ean ezingo dugula mantendu baina ikasten ari gara gauza asko.

Espero dugu jarraitzea honetan eta hobetzen.

 

Zein izan da harrera ikasleen artean?

Denetarik dago ikasle eta irakasleen artean. Bi aurpegi ditu txanpon honek.

Ikasleen artean tresna batzuek harrera hobeagoa izan dute eta beste batzuek txarragoa. Adibide bat jarriko dut ulergarria izan dadin.

Badago tresna bat deitzen dioguna sintonia. Goizean klaseak hasten direnean lehenik eta behin tinbrea jotzen du -nahiz eta txirrina ez izan- eta handik eta minutu batera hasten da musika eztia. Bitartean, ikasleak prestatu behar du bere burua ondoren datorrena ondo hartzeko. Edo behintzat aukera ematen zaio.

Kasu honetan, burua, garuna, prest izan behar dugu arreta mantentzeko eta saiatu behar gara, heldu garenean motxilan generaman zama alde batera uzteko, burua hutsean jartzeko eta klaseak lasai hasteko.

Askotan etxetik dakargunak baldintzatzen du gure portaera eta ikasteko jarrera, arreta mantentzeko gaitasuna... Tresna horren balioa hori da.

Orokorrean tresna hori ikasleek oso ondo hartzen dute. Batzuei oso zaila egiten zaie une batean isiltzea, begiak itxi eta ondoren datorrena ondo hartzeko eta beste batzuei oso ondo etortzen zaie eta ez dagoenean faltan botatzen dute. Denetarik dago.

Ikasleei gauza bera esan diegu behin baino gehiagotan, lasai hartzeko, ahal duguna egiten dugula, irakasleok badakigula haientzat oso berria dela, guretzat ere badela...

 

Eta irakasleen artean?

Antzekoa. Nik esango nuke horrelako estrategia bat hartuz gero irakaslearen protagonismoa garrantzitsuagoa dela. Hau da, irakasleak izan behar du hezkuntza sistema horretan sinistu behar duena. Eta hezkuntza ereduak aldatzen joan behar dira.

Kasu honetan horrela da. Irakasleak ikusten du hezkuntza sistemak aldaketa behar duela eta horretarako trebakuntza egiten gaude.

Irakasle batzuei gehiago kostatzen zaie ikasketa hauek haien egunerokotasunean txertatzea. Denetarik dago baina hasiera besterik ez da. Badakigu hasierak ez direla errazak.

 

Hurrengo ikasturterako ere zuen apustua hau izango da?

Jakina. Honi lotuta bagaude ere metodologia aktiboaren inguruko lan bat egiten. Proiektu piloto bat martxan jarri dugu aurten eta metodologia aktiboak orokorrean jarraituko ditugu lantzen. Eta honekin batera tresna egokia diseinatu nahi dugu zeharkako eskumen horiek entrenatzeko.

Ziurrenik ez dugu orain jarraitzen dugun eredua % 100ean errepikatuko baina argi daukagu gure ikasleak oso pertsona onak direla eta beraiekin harreman zintzoak izan ditzakegula. Gauzak argi esanda, jakina. Baina elkarrekin egiten direnean gauzak emaitzak hobeagoak dira.

 

Ildoa izango da zuentzat orduan.

Bai, eta ez bakarrik lanbide heziketan, ikastetxe osoan gustatuko litzaiguke tresna batzuk lantzen hasi. Batzuekin hasi gara dagoeneko eta beste batzuekin joango gara egiten.

Lehen aipatu dut erakunde bat topatu genuela eta horrekin hasi gara aurten lanean. Erakundeak plazaratu ziguna izan zen beraiek orain arte izan duten esperientzia derrigorrezko bigarren hezkuntza izan dela.

Eta gu nolabait aitzindariak garela. Lanbide Heziketan ez zegoen esperientziarik. Zentzu horretan apustu garrantzitsua izan da eta horregatik ere zailtasunak izan ditugu. Baina DBHrako ere oso ondo moldatzen dira teknika hauek. Gure asmoa da, beraz, zabaltzea.



LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide