"Kamara aurrean agertzea baino nahiago dut erromesa izatea"

JOSEAN MENDIBIL (1968, Amurrio) Apdemako kidea da. Santiagoko bidea oinez egin eta “Hobetzeko bidea” dokumentalarekin Gasteizko lehiaketa irabazi dute. 

Santiagoko bidea egin duzue. Noiz?
Abuztuaren 18tik 24ra joan ginen oinez. Aurtengoa azken etapa izan da, Galizia aldekoa. Nire ustez, garestiena. Gure bidaiaren dokumental bat grabatu genuen eta Gasteizko udaleko lehiaketa batera aurkeztu genuen. Aurkeztu ziren film laburren artean gurea atera zen garaile!

JOSEAN MENDIBIL (1968, Amurrio) Apdemako kidea da. Santiagoko bidea oinez egin eta “Hobetzeko bidea” dokumentalarekin Gasteizko lehiaketa irabazi dute. 

Santiagoko bidea egin duzue. Noiz?
Abuztuaren 18tik 24ra joan ginen oinez. Aurtengoa azken etapa izan da, Galizia aldekoa. Nire ustez, garestiena. Gure bidaiaren dokumental bat grabatu genuen eta Gasteizko udaleko lehiaketa batera aurkeztu genuen. Aurkeztu ziren film laburren artean gurea atera zen garaile!

Bidaiari ala aktore izatea, zer duzu nahiago?
Erromes izatea. Niri kamaretan eta lekuetan agertzea ez zait gustatzen. Niri animatzea gustatzen zait, oso alaia naiz eta kantuan joaten naiz. Bururatzen zaidan edozein abesti kantatzen nuen!

Autograforik sinatu duzue jada?
Ez, baina esker eta aitortza asko izan ditugu.Film laburra ikusi ostean jende askok geratu gaitu kaletik! Amurrioko antzokian jende pila bat hurbildu zen dokumentala ikustera, asko harritu ginen.

Herria poltsikoan duzue, beraz!
Oso pozik daude, eta beti dago jendea gu laguntzeko.
Apdemara bolondres asko datoz, eta atea irekita dagoenean jendea sartzen da. Errege Egunean, loteria saltzean, inauterietan… jende asko hurbiltzen zaigu. Baita tabernetan partidak ikusten gaudenean ere.

Txoritxo batek esan dit idazten ere aritzen zarela…
Nik eskuz idazten dut, anaiari bidaltzen dizkiot ordenagailura pasatzeko gero, hemen ez dugu eta! Bihar gaur egiten ari garen elkarrizketaz idatzi behar dut.

Zer gustatzen zaizu egitea?
Pertsona normalen gustuak: Athletic eta Amurrioko futbol partidak ikustera joaten naiz. Niri kirola ikusteko gustatzen zait. Santiagoko bidea 2005ean hasi genuen 11 pertsonak, Lizarrako ostatu batean egon ginen oinezkoei harrera egiten. Orduan, oinezko izateko ideia sartu zitzaigun buruan, eta hurrengo urtean hasi genuen bidea! Urtero etapa bat egin dugu; zazpi guztira. Gehien ibili ginen egunean 27 kilometro egin genituen, eta gutxien 19! Bidea osorik Amurrioko hiruk egin dugu, beste batzuk tarteka egin dute: lana, oporrak…

Aurrera begira, baduzu beste abenturarik buruan?
Euskal Herriko kostaldea oinez egin nahi dugu orain. Oraindik ez dugu planifikatu, horretarako
proiektua egin eta borrokatu egin beharko dugu!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide