Medicusmundi Arabak eta Amurrio Bidezko Merkataritzaren Lagunak taldeak sukaldaritza-lantegi bat eskainiko dute martxoaren 31n eta apirilaren 2an eta 7an 17:00etatik 20:00etara Kultur Etxean. Bertan, bidezko merkataritzako tokiko nahiz nazioarteko elikagaiak erabiliko dira eta izena ematea doakoa izango da.
Gainera, bidezko produktuen eta besteen ezaugarrien arteko konparaketa egingo da eta multinazionalek eta banaketa-enpresa handiek lehen sektorean eta elikagai-krisian duten eragina aztertuko da. Gaixotasunen agerpena errazten duten elikagaiei buruz ere hitz egingo dute.
Saio bakoitzak hiru ordu iraungo ditu eta gehienez 25 parte-hartzaile egongo dira. Bertan,landare-entsaladak, kinoa, barra energetikoak edota hanburgesa begetalak egiten ikasiko dute. Izena ematea 945 288031 telefonoan egin daiteke goizez edo posta elektronikoz medicusmundi.es web gunean.
Bidezko merkataritza
Bidezko merkataritzak hegoaldeko ekoizleek lan-baldintza eta soldata egokiak izatean, haurren esplotazio ezan, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuenean eta ingurumena errespetatzean oinarritzen da. Horrela, lantegian elikagai hauek kontsumitzeak duen inpaktua eta kontsumo arduratsuak dakartzan onurak ikusiko dira.