Udaleko Ingurumen Ataletik jakinarazi digutenez, Zuhaitz Egunaren aurtengo edizioa ostiralean izango da; martxoaren 14ean, beraz.
Egun horretako protagonistak, ohi bezala, haurrak izango dira, eta aurten Ugarte auzora joango dira, La Tejera deritzon txokora, han intxaurrondoak eta haritz amerikarrak landatzera.
Guztira, Zabaleko, Lucas Rey eta Virgen Niña ikastetxeetako eta Etxaurren eta Aresketa ikastoletako 130 haur elkartuko dira, eta zuhaitzak landatzen ikasteaz gain, bertako espezieak ezagutu eta espezie inbaditzaileak identifikatzen ere lan egingo dute. Horren harira, bada, cortaderia selloana delakoak hartutako hainbat lursail bisitatuko dituzte. Landare horrek zabaltzeko sekulako ahalmena du, eta bertako espezieak zokoratu eta ibaiertzak eta hezeguneak hartzen ditu. Ekosistema horietako oreka, beraz, kolokan jartzen du.
Jarduera honen helburua, azken batean, zera da: gazteenak espezie inbaditzaileen mehatxuez jabe daitezen lortzea, biodibertsitatea arriskuan jartzen dutela ulertaraziz.
Hona hemen Zuhaitz Egunaren egitaraua:
09:30-10:00 Espezie inbaditzaileak identifikatzea
10:00-10:30 La Tejerara iristea eta zuhaitzak landatzen hastea.
11:30 Hamaiketakoa eta talde-argazkia
12:00 Landaketa amaitzea
12:30-13:00 Amurriora itzultzea