Amurrio Bidean agentziak, LanIN proiektuaren baitan, udalerriko 10 enpresarekin lan egin du, etorkizunera begira ezinbestekotzat jotzen diren trebetasun profesionalak zein diren zehazteko. Amurrion enpresa-ehun lehiakorra sortu nahi bada, beraz, trebetasun horiek landu beharko dira, eta horiexek izango dira, hain zuzen, Skills Txokoa delakoan garatuko direnak. Zehazki, 6 trebetasun hauek identifikatu dira:
- Talde-lana eta lidergo partekatua, hainbat gaitasun —autonomia eta konpromisoa, besteak beste— indartzeko tresna gisa.
- Kontaktuen sarea eta merkataritzarako trebetasunak (marketina eta publizitatea).
- Komunikazioa eta negoziazioa ingelesez.
- Barne-komunikazioa.
- Bezeroari begira lan egitea.
- Komunikazioaren eta informazioaren teknologia.
Espazio hori Amurrioko enpresei zuzenduta dago, eta Reforamurrio Enpresaldeko gela batean egongo da kokatuta. Lehenengo lan-saioa martxoaren 18an izango da, 14:00etan hasi eta 18:00ak arte. Saio horretan hasierako lanketan parte hartu duten enpresetako arduradunak elkartuko dira, baina trebetasun horiek euren langileen artean garatu nahi dituzten udalerriko gainerako enpresek ere parte har dezakete, deialdi irekia da-eta.