Zuretzat zer dira inauteriak? Nola bizi dituzu?
Duela 20 urtetik hona nire sormena kalera ateratzeko modua da, asko gustatzen zait mozorroak egitea. Urtean zehar niri bururatzen zaizkidan gauzak egiteko garaia da. Nola bizi dudan? Ilusio handiarekin, urte osoa ematen dut lanean. Deskonektatzeko terapia da.
Zenbat denbora egoten zara mozorroak egiten ba?
Lehenengo aldian nire alaba eta semearentzat egiten hasi nintzen. Gero, niretzat. 30 bat urte daramatzat. Aurtengoa abuztuan hasi nuen. Presarik gabe egiten ditut, baina ez da nire zaletasun bakarra: apdema, menagaraiko emakume taldea, euskaltegia, mendia... ere joaten naiz. Pixkanaka egiten ditut.
Nondik datorkizu mozorratzeko zaletasuna?
Txikitan kamaroteak asaltatzen genituen mozorratzeko. Beti gustatu zait mozorratzea, baina berandu hasi nintzen egiten. Kanarietako inauterietan edalontziz egindako jantzi bat ikusi nuen eta pikatu egin nintzen. Hain polita iruditu semearentzt eta niretzat egin nuela. Niretzat mozorroa janztea bera saria da.
Sari mordoa ere jaso dituzu, ez?
Batez ere txaloak. Ni txalo eta piropoekin geratzen naiz. Gasteizen, Bilbon, Sestaon, Amurrion... sari asko jaso ditut. Mozorroekin sartu dudan denbora ikasten erabili banu, master eta karrera asko izango nituzke. Baina, auskalo, again horrek ez lidake egungo bizipoza emango!
Birziklatutako materialak erabiltzea zer da, jendarteari zuzendutako lekzio bat?
Asko birziklatzen dut. Ez dut kontzientziatzeko egiten, orijinala iruditzen zaidalako baizik. Nik gauzak birziklatu eta sortzen disfrutatzen dut. Mozorro zirikatzaileak ere gustatzen zaizkit.
Zein da zuk egin duzun mozorrorik orijinalena?
Paper albala eta solan de cabras ur botilekin egin nuen jantzia asko gustatu zitzaidan. Baita, laranjen poltsa gorriak eta laten anillekin egindakoa ere. Paperarekin bakarra egin dut: egin egunkaria itxi zutenean kalean egon behar zuela aldarrikatzeko. Urte horretan saritu nahi izan ninduten baina ez nuen onartu, helburua aldarrikatzea zelako ez nuen lehiaketan parte hartu. Atun latekin ere egina daukat bat. Ur botilekin maitagarriz jantzi nintzenekoa ere oso polita izan zen.
Nondik ateratzen dituzu ideiak?
Nondik aterako ditut ba! Burutik. Normalean hiru edo lau gauza pentsatzen ditut, politena zein den erabakitzeko. Normalean jantziak egiten ditut, hori da egin izan didaten kritika negatiboa. Niri berdin zait, hori da gustatzen zaidana eta! Beti dira modeloak eta birziklatutako gauzak.
KASILDA MARAÑONek (Amurrio, 1948) 30 urte daramatza birziklatutako gauzekin mozorroak egiten. Lehiaketa asko irabazi ditu. Gakoa, desfilatzeari saltsa ipintzea dela dio; "jendea pixka bat zirikatzea".
Egunerokoan jendea kareta batekin bizi dela uste duzu? Zergatik?
Bai, urte osoan zehar. Nik ere eramaten dut noizean behin, baina geroz eta gutxiago gertatzen zait. Gazteagoa nintzenean ez zitzaidan jendeak uste zuena asko axola. Orain, bat ere ez.
Zein da irabazteko sekretua? Desfilatzeko taktika?
Nire mozorroak orijinalak dira, lan asko daukate eta nabaritzen da. Sestaora arto mazorkekin jantzia eraman nuen, eta lepokoan palomitak. Jende asko harritu egiten da. Desfilatzean saltsa jarri behar zaio kontuari; jendea pixka bat probokatu behar da; zirikatu.
Zein da zure ametsetako mozorroa?
Mozorro askorekin amesten dut. Ideia guztiak ez zaizkit buruan kabitzen. Mozorroak egiten urte luzean jarraitzeko adina dut.